"Eusko Gudarostea" liburu aurkezpena Azpeitian
Aranzadi
Ostirala, 2017eko ekainaren 30a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
1936ko abuztuaren hasieran, ia 1.300 lagun elkartu ziren Loiolan tropa faxistei aurre egin nahian. Altxamendu faxistaren hasieran EAE-ANV bakarrik bazen ere kolpistei aurre egiteko konpromisoa hartu eta antolatu zen milizia bakarra, Loiolan, abuztuaren 5etik aurrera milizia abertzale guztiak elkartu ziren: EAE-ANV, EAJ, ELA-STV eta Euskal Nekazarien Batzarra eta Jagi-jagi. Kandido Saseta izan zen Azpeitiko Komandantziako buru, eta haren agindupean gerra frontea mendira eraman eta han erresistitzea izan zen beren helburua: "Eusko Gudarostea ez zegoen borrokarako prestatuta, eta bere helburua, hasieratik, kolpistei Bidasoatik Donostia aldera eta Gipuzkoa erdialdera sartzen ez uztea izan zen", azaldu du Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta liburuaren egileak. Hilabetez eutsi zioten fronteari Gipuzkoan, eta hilabete hori ezinbestekoa izan zen Eusko Jaurlaritza osatzeko denbora izateko. Irailaren 13ra arte gelditu zuten frontea, egun horretan hartu zuten Donostia. Horren ostean, egunez egun, azkar egin zuten aurrera, eta irailaren 22rako Azpeitian ziren. "Herritarrez osatutako frontea zen, ez ziren profesionalak, ez zuten formakuntzarik. Kandido Saseta komandanteak soilik zituen ikasketa militarrak eta hark mikelete eta karabineroen laguntzaz antolatu zuen Gudarostea", dio Bucesek.
Baina historia kontatzeaz gain, Gudarostearen historia posible egin zuten horien izen abizenak eta beren historia zehatzak berreskuratzeko egin du lan Aranzadik. Azpeitiko komandantziako 1.277 pertsonen nominako zerrenda aurki dute Salamancako (Espainia) artxiboan. Horietako 569 lagunen informazioa bilatu eta egiaztatu da eta EAE-ANVko 259 boluntarioen informazio zehatza ere jasota dago liburuan. Bucesek azpimarratu nahi izan du Eusko Gudarostearen historia biltzeko lan integralik ez dela egin orain arte: "Liburu batean eta bestean, ikerketetan... bildu dira Gudarostearen pasarteak, baina inoiz ez da egin horrelako lan osorik".
Ekitaldia irekia, Loiolan
Larunbatean 12:00etan hasita liburuaren aurkezpen ekitaldia egingo da Loiolan. Bertan, liburua aurkezteaz gain, historiarekin duen zor txiki bat kitatuko du Azpeitiko Udalak. "Saseta Arecesen (Asturias) hil eta bi edo hiru egunera, Basarri bertsolariak Tierra Vasca aldizkarian Sasetak irudiren bat mereziko zuela Loiolan idatzi zuen. Saseta hil eta 80 urtera, zor hori kitatu nahi dugu", azaldu du Esitxu Elduaien alkateardeak. Ekitaldi irekia izango da, eta bertaratzen direnek liburuaren nondik norakoen berri izateaz gain, Eñaut Elorrieta Ken 7ko abeslaria eta Igor Elortza bertsolariaren parte hartzeaz gozatzeko aukera ere izango dute.
Gonbidapenak etxeetara
Azken egunotan Azpeitiko Udala herriko etxeetara ekitaldirako gonbidapenak bidaltzen ari da, bi helbururekin. Alde batetik, ekitaldiaren berri emateko, eta bestetik, gonbidapen hori aurkezpen ekitaldira eramaten dutenek liburua doan jasotzeko aukera izango dutelako.
IKUSI BIDEOA