Eusko Jaurlaritzaren, EHU-ren eta Aranzadi Elkartearen arteko hitzarmen bat onartu da, oinarri txosten bat egiteko 1936 eta 1978 artean oinarrizko eskubideak urratzeari buruz

Aranzadi

Asteazkena, 2016eko uztailaren 13a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ekimen horrekin lehen urratsa eman da Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 Bake eta Bizikidetza Programak Memoria Historikoaren alorrari buruz Oinarri Programan jasotako lehentasunetako bat abiarazteko. Gogora Institutuaren jarduera planera igaro zen geroago alor hori.

Gaur onartutako hitzarmenaren helburua da datuak biltzea gerra zibilean eta horren ondoko diktadura garaian izandako giza eskubideen urraketei buruz, eta txosten bat egitea urraketa horien zerrenda bat egiteko eta era zientifiko eta sistematikoan aurkezteko urraketa horiek, arreta berezia eskainiz exekuzioei, behartutako desagertzeei, nahierara egindako atxiloketei, behartutako lanei eta erbesteari.

Horretarako, batzorde akademiko bat eratuko dute Jon Mirena Landa Gorostiza eta Enara Garro irakasleek –zuzenbide penaleko adituak dira biak– Josu Txueka irakasle eta historialariak –EHUren izenean– eta Lourdes Herrasti historialari eta hilobi komunetako adituak –Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean–.

Halaber, ikerketa talde bat osatuko dute EHUko bi lagunek eta Aranzadi Elkarteko lagun batek; eta talde horrek batzorde akademikoak datu zehatzak biltzeko egingo duen lan-planean zehaztutako landa-lana gauzatuko du.

Erakundeok konpromisoa hartu dute erakunde bakoitzak dituen eta hitzarmen honen xedearekin zerikusia duten dokumentu guztiak emateko.

Bestalde, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak agindu du garatzen diren ekimenak zabalduko dituela eta aurkezpen ekitaldi bat egingo duela lana bukatzen denean. Gogorak ere agindu du partaidetza prozesu bat egingo duela memoriaren eta giza eskubideen aldeko elkarteekin, horiek ere azal dezaten beren ikuspuntua eta jakintza.