Faunapyr, Pirinioetako faunaren bisorerik osatuena

Ornitologia

Ostirala, 2021eko ekainaren 11a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Faunaren inguruko zientzialariek eta adituek antolatutako Bioblitz batek (faunaren laginketa intentsiboa) eta aldi berean egingo diren dibulgazio-jarduerek osatuko dute Europa mailako proiektu honen amaiera-ekitaldia. Proiektu hau mugarria izan da Pirinioetako faunaren gaineko aipamenak biltzeari dagokionez.

Europako Interreg Poctefa programaren laguntzari esker, Pirinioetako faunaren banaketa erakusten duen Interneteko ataririk osatuena sortzea lortu du fauna zaintzen eta ikertzen duten Euskadiko, Aragoiko, Kataluniako eta Frantziako erakundeek osatutako diziplina anitzeko lantalde batek. Aldi berean, beste erakunde batzuk ere egitasmo honetara batzen joan dira. Ondorioz, Pirinioen eremu osoan aurrekaririk gabeko faunaren bisore bat sortzea lortu dute; egiatan, mugaz gaindiko lankidetzari dagokionez, Europan ez dago honen parekorik arlo honetan.

“Pirinioetako faunaren gaineko ezagutza-faltari erantzuten dio proiektu honek, eta irtenbidea eman dio orain arte biodibertsitateari buruzko datu-baseetan jasota zegoen informazio zientifikoa batzeko beharrari”, azaldu du Juan Arizagak, Aranzadiko ornitologia saileko zuzendariak. Hainbat iturritako datu-baseak elkartzea lortu du Faunapyr proiektuak, hala nola herrialdeetako gobernuen datu-baseak, museoenak, unibertsitateenak eta hainbat elkarterenak. Testuinguru honetan, funtsezkoa da Pirinioen alde batean eta bestean dauden ‘Ornitho’ atarien papera. Hala, adituen eta profesionalen fauna-aipamenei bakarrik ez, herrialdeetako atari ezberdinen bidez, borondatez eta periodikoki haien behaketen berri ematen duten hainbat eta hainbat herritarren aipamenei ere balioa eman zaie.

Informazio hori guztia bazegoen aurretik ere, baina, orain, modu bateratuan ikusteko aukera izango dugu faunaren bisore berri honetan. Eta, gainera, atariak bizirik eta irekita jarraitzen du datu-base berriak txertatzeko... ahal bezainbeste. Faunapyr atariko bisorean PLE (Pirinioetako Lan Elkartea) eremua ikus daiteke. Pirinioek hartzen duten eremu geografikoaren zatirik handiena biltzen du PLEk, bi isurialdeetan.

Gaur egun, hegaztien, ugaztunen, anfibioen, narrastien, tximeleten eta odonatuen edo sorgin-orratzen gaineko 2 milioi aipamen baino gehiago ditu Faunapyr atariak. Pirinioetako biodibertsitatearen gaineko ezagutza hobetzeko balio dute datu horiek. Hortaz, ikerketa zientifikoak egiteko erabil daitezke, eta erabilgarriak dira ondare natural ikaragarri hau kudeatu eta zaindu behar duten horientzat ere. Faunapyr atariko informazioa 1x1 km-ko eskalako laukietan kontsulta daiteke (edo 10x10 km eskalako laukietan, espezie mehatxatuenen kasuan).

Hauek dira Poctefa proiektuko erakunde bazkideak: Ordesa Viñamalako Biosfera Erreserba, Conservatoire d’Espaces Naturales de Midi-Pyrénées, Centre de Ciència i Tecnología Forestal de Cataluña, Institut Català d´Ornitología eta Ligue pour la Protection des Oiseaux.

Herritarrentzako zientzia

Proiektua garatzeko behar izan diren hiru urteetan, gainera, fauna-espezieak identifikatzen ikasteko ikastaroak eskaini dira, espezieen datuak eman ditzaketen herritarrak prestatzeko helburuz. Tokiko egitasmoak sustatzeak Faunapyr atarian datu berriak sartzen laguntzen du.

Proiektuaren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugako integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jardueren garapenean oinarritzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko baterako estrategien bidez.