Felix Ruiz de Arcauteren heriotzaren 50 urteurrena

Aranzadi

Larunbata, 2021eko uztailaren 24a — CEST

Irakurketa: 2 minutu


Espeleologoa izan zen, nazioartean ospetsua. Belgikan jaioa, aita gipuzkoarra zuen, eta munduko leizerik sakonenak esploratzen aritu zen, nagusiki Euskal Herri inguruan.


Bestalde, espeleologia taldeen arteko elkarlanean nabarmendu zen; alde horretatik, ezaguna da haren esaera bat: «kate-maila ez da deus, kate osoa da beharrezkoa». 1966. urtean idatzi zuen, San Martin Harriko Sistema esploratzean, espeleologian talde-lanak duen garrantzia azpimarratzeko.


Arkautek espeleologiarekin izan zuen lehen kontaktua Grenoblen (Frantzia) izan zen, han ikasten ari zela. 1950etik aurrera Club Alpin Français (CAF) taldearekin inguruko haitzulo klasikoak bisitatu zituen, baita haietako batzuk esploratu ere: Dent de Crolles, Couffin, Gournier, Cuves de Sassenage, Trou du Glaz, Trou qui Souffle, La Lolette... 1951ean Euskal Herrira etorri zenean, familiak Tolosan zuen paper-lantegiaz arduratzera, espeleologiarekin jarraitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarte sortu berrian izena emanaz; horretara, Jesus Elosegiren gidaritzapean Gesaltza-Jaturabe-Arrikrutz sistemaren (Oñati) esplorazioan buru-belarri ziharduen taldean sartu zen (Juan San Martin, Reyes Korkostegi...).


1971ean, Felix Ruiz de Arkaute etxetik hurbil aritu zen Gaztelu Arroko Lezia esploratzen (Aretxabaleta), Gipuzkoa, Bizkaia eta Kataluniako kideekin. Leize honetan sakonera handia lortu zuten (-444 m), baina udan Arkautek Larrako deiari erantzun zion beste behin ere: lehenik Leizerola inguruan 15 egun pasatu zituen esplorazioan Vianako Printzea taldeko nafarrekin; eta gero, Aranzadiko beste kide batekin, Lonné-Peyret leizeko esplorazioetara joan zen Grenobleko espeleologoekin batera. Hantxe hil zen, Harrigoiena izeneko ibaiean gora zihoala, zorigaitzezko baldintza pilaketa baten ondorioz.


Felix Ruiz de Arkauteren heriotzak gogor astindu zuen Europako espeleologia, berak talde askoren elkarlana bultzatu baitzuen, Euskal Herrian eta nazioartean. Gertakariaren harira, azaroan euskal espeleologoek asanblada egin zuten Larraitzen (Gipuzkoa); eta 1972ko uztailean bere omenezko plaka jarri zuten Lepineux leizearen sarreran. Gainera, esan daiteke bere heriotza lurpeko erreskatearen antolakuntzari bultzada eman zion akuilu nagusia izan zela. Hiru belaunaldi igaro eta gero ere, Ruiz de Arkautek utzitako arrastoa oraindik nabarmena da nazioarteko espeleologoen artean.


IKUSI BIDEOA (Tolosaldeko ataria).