Francisco Elosegui Limousin erakusketa

Aranzadi

Ostirala, 2017eko martxoaren 31a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Francisco Elosegui Limousinen argazki-funtsa funts pribatu bat da. Funtsak 3.000 dokumentu fotografiko inguru ditu, Patxi Elosegi Tolosako botikari eta argazkilari afizionatuak 1934 eta 1957 artean eginak.

Tolosako udalari orain dela gutxi dohaintzan eman zaiolarik, erakusketa txiki honetan erakutsi nahi izan dugu argazki sorta txiki bat, zeinak erakusten duen argazki horiek bai arte gisa bai dokumentu gisa duten garrantzia. Uste dugu interes handikoa dela tolosar guztientzat eta fotografiaren artea maite duten guztientzat.

Txuri-beltzeko 45 argazki dira, garai hartako 35 mm-ko azetatozko negatiboetatik kopiatuak. Argazkilariak bisoretik konposatzen zituen negatiboak, eta gero errebelatu egiten zituen hasierako markoa errespetatuta. Bukaerako irudietan ukiturik ez dago. Gehienez ere, eta batzuetan bakarrik, interesanteen iruditzen zaizkion argazkien handiagotzeak daude.

Argazki horietan Franciscoren inguru hurbilena agerian ikusten dugu: botikako atea, haren familia, Tolosako ikuspegiak Zerkausia kaleko bere etxeko balkoitik, inguruko pasaiak, Uzturre eta Malloak batik bat, eta hurbilen zituen pertsonen erretratu bikainak.

Argazki guztiak nabarmentzen dira argazkilariak konposizioan eta argiaren erabileran zuen trebetasunagatik, eta gai klasiko batzuen bitartez erakusten digute zein sentiberatasun handia zuen argazkilari afizionatua izandako honek, alegia, ogibidez botikaria zen Patxi Eloseguik. Berari eskaini nahi diogu erakusketa txiki hau.

Berari eta bere senitartekoei.

Stua. Elisa Querejeta Casares. 2107Ko martxoa.

(Historialaria eta dokumentalista. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide)