Garraitz irlako indusketak
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Osteguna, 2024eko abuztuaren 22a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Iazko indusketa lanetan lau gorpuzki aurkitu zituzten eta aurten, beste bat. Atabaka Kultur Elkarteak adierazi duenez azkenak izan dira aurtengo indusketa lanak.
Hamargarrena eta azkena izan da aurtengoa. Abuztuaren 19an [astelehena] hasi zituzten Garraitzeko Indusketa lanak Atabaka Kultur Elkartekoek, Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean eta atzo [abuztuak 22] eman zioten amaiera lau eguneko jardunaldiari. Iazko indusketa lanetan lau gorpuzki aurkitu zituzten eta aurten, beste bat aurkitu dute, pasa den urtekoak ateratzen zenbiltzan bitartean. Horrez gain, gorpuzkien inguruan txanponak ere aurkitu dituzte. “Momentuz ez daukagu informazio askorik aurkitu diren gorpuzki berrien inguruan. Horretarako karbono 14aren teknika aplikatu behar zaie eta Aranzadi Elkartearen bidez Suediara bidali ditugu, teknika horiek aplikatu eta hezurrei buruz informazio gehiago izan dezagun. Emakume gazte baten gorpuzkia dela dakigu soilik, 20-25 urte bitartekoa. Horrez gain, hezurren inguruan txanpon batzuk aurkitu ditugu, orain artekoak testuingurutik kanpo zeuden baina hauek informazio osagarri gehiago emango digute, gorpuzkien alboan zeudelako”, adierazi dute Atabaka Elkarteko kideek. Leire Aranak zuzendu ditu aurten indusketak eta gutxi gorabehera eguneko 55 boluntario inguru hurbildu dira Garraitz irlara, auzolana oinarri izanik indusketa lanetan parte hartzera. 2015. urtean hasi ziren Garraitzeko Indusketa Arkeologikoak eta
aurten eman diote amaiera Garraitz 25 proiektuko lan hauei: “Alde batetik oso pozik gaude indusketa lanekin, 10 urtean zehar oso arrakastatsuak izan baitira. Baina beste aldetik, tristura apur bat ere ematen digu, 10 urtean burututako lanak ez duelako jarraipenik izango. Amaitu dira indusketak eta honekin batera auzolana ere amaitu da.
Egonkortzeko lanak egingo dituzte hemendik aurrera baina irla hor geratzen da. Polita izan da herriko jendea lanean ikustea, gure ondarea zaindu eta babesteko helburuagaz”. Indusketa lanetan aurkitu diren aztarnak Lekeition bertan gelditzea izango litzateke Atabaka Kultur Elkartekoen nahia baina horretarako baliabideak behar direla adierazi dute: “Garraitz irla parke arkeologikoa da ofizialki, eta hori horrela izanda, legez, indusketetan aurkitutakoa herriak gelditzea izango litzateke aproposena. Baina horretarako baliabideak behar dira.
info: Hitza Lea Artibai