Gautegiz Arteagak herriko memoria historikoa gordetzen du liburu monografiko batean

Aranzadi

Ostirala, 2017eko maiatzaren 26a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ikerketa lan honetan Aranzadik errepresioa du hizpide, Gautegiz Arteagan gerra eta Frankismoaren errepresioa zeintzuk pairatu zuten jakiteko helburuarekin, hain zuzen ere. Horretarako, giza eskubideen defentsan funtsezkoak diren 3 ardatz kontuan hartu dira: Egia, justizia eta erreparazioa. Aranzadi Zientzia Elkarteak honela metodologia zientifikoaren bidez egia bilatzen du.

Horrela, 87 artiar Eusko Gudarostean edo armada errepublikanoan erroldatu eta gerrara joan zirela jakin da. Horietatik 8 Eusko Gudarosteko miliziano erail zituzten; beste hiru ordea, lehenengo armada honetan borroka egin eta gero gudaroste altxatuan mobilizatuak izan ziren, ondoren hil zituzten arte.

Gainera, bonbardaketan hil ziren artiarrak 6 izan zirela egiaztatzen da: 4 Gautegizen (2 herriko bizilagunak eta beste bi Elgoibarreko errefuxiatuak) eta beste biak Gernikako bonbardaketan hil ziren.

Hori gutxi balitz, ikerketa honen arabera 46 artiar erbesteratu eta 87 gerra preso bilakatu ziren, azken hauetatik 43 militar frankistek prozesatu eta epaitu zituztelarik (33 gizonezko eta 10 emakume).

Garai hura pairatu zuten 9 pertsonen testigantzen bitartez bildu da informazioa, datuak, argazkiak, dokumentuak etab. eskaini baitituzte bizilagun hauek. Honez gain, hainbat artxibo harakatu dira: Udal Artxiboa, Bizkaiko Artxibo Probintziala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta estatu mailako zenbait artxibo militar.