Gernikak bonbardeaketaren 79. urteurrenean biktimak gogoratzen ditu

Aranzadi

Asteazkena, 2016eko apirilaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Beste urte batez, 1937ko bonbardaketa oroitu zuten Gernika-Lumon (Bizkaia). Ekitaldi andana izan ziren egun guztian, eraso hura gogoratzeko eta biktimak omentzeko. Eguerdian banatu zituzten Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko XII. Gernika sariak: Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia —ez zen saria emateko ekitaldian izan— eta Paco Etxeberria auzitegi medikua izan dira aurtengo sarituak. Bereziki 1936ko gerran hildakoen gorpuak aurkitzeko egindako lana eskertu zioten Etxeberriari.

Errefuxiatuen egoera ere hizpide izan dute aurtengo ekitaldietan. Minutu bateko isilunea egin zuten sari-emate ekitaldian iheslarien omenez, Jose Maria Gorroño alkateak eskatuta. Munduari Gernikako erasoaren berri eman zion George Steer kazetariaren semeak ere gogoan izan zituen egun gatazketatik ihesi ari direnak: «Nire aita bizirik balego, haiek jasaten ari direnari buruz idatziko luke». Egunaren hasieran egin zioten lore eskaintza kazetari britainiarrari, haren omenezko eskulturaren aurrean, urtero bezala. Eguna, baina, garai hartan herriko alkate zen Jose Labauriari eginiko omenaldiarekin hasi zuten Gernikan.