Gerra Zibilari buruzko auzolandegiaren emaitzak aurkeztu ditu Aranzadik

Aranzadi

Asteazkena, 2017eko uztailaren 12a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Zizurkilgo Udalak, Asteasuko Udalak, Adunako Udalak, Larraulgo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntzari esker antolatutako auzolandegiak 18-30 urte bitarteko 17 gazte bildu ditu aurtengo kanpainan. Ikerketa honen helburu nagusia gazteen formazioa sustatzea da, bereziki Giza Eskubideen arloan. Horretarako, Euskal Herriko oroimen historikoaren berreskurapen lanak egiten ari dira.

Uztailaren 3tik 16ra bitartean, Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Larraulgo udalerrietan Saseta defentsa sistemaren lubakiak identifikatu eta aztertzen ibiliko dira. Sistema hau Gerra Zibileko lehen erresistentzia tokia izan zen gure lurraldean.

Saseta sistema: lehen erresistentziaren gunea

Auzolandegia burutzen ari diren lurretan, 1936ko abuztuan eta irailean, Adunako, Asteasuko eta Zizurkilgo udalerrietako mendi adarretan ezarritako Saseta defentsa-sistema altxamendu militar frankistaren aurka antolatutako euskal erresistentziaren mugarria izan zen. Tolosa 1936ko abuztuaren 11an frankisten eskuetan erori ondoren mendi hauetan egin zieten aurre. Memoria historikoan ahaztuta dagoen tokia den arren, borroka handiak gertatu ziren hemen, eta ehun biktima inguru zenbatu dira.

Maribel Vaquero, Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak, azaldu du foru erakundearentzako lehentasuna dela iraganeko pasarte ahaztuak edota ezkutuan daudenak azaleratzea. “Memoria kolektiboa jatorri, klase, genero, ideologia… ezberdineko pertsonek bizi izandako pasartez osatzen da. Hori dela eta, guztion ahalegina izan behar du oroimen partekatu horretan falta zaizkigun historiak berreskuratu eta gehitzea, horrela osatuko baitugu herri honen memoria”, azaldu du. “Horretan ari gara Gipuzkoako Foru Aldunditik”, gehitu du Vaquerok.

Ikerketa zientifikoaren bitartez dokumentazio ugari berreskuratu da eta tartean Asteasu eta Zizurkilen Sasetak diseinatu eta gudariek eraiki zituzten ehunka metroko lubakiak aipatzen dira. Horrela berrestu dute ere garai hartako Zizurkil, Asteasu eta Aiako lekukoek. Ikerketa honen buru izan da Javi Buces Aranzadiko historialaria, eta ondorioak 2016ko udazkenean plazaratu zen Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburuan.

Lubakien berreskurapena

Aranzadiren Arkeologia lanak baieztatzen du aurkitutako dokumentazioak esaten duena. Historiografiak aipatzen dituen leku hauetan lubakiak eta bala-zorroak aurkitu dira azken urteotan. Honez gain, Aranzadiko arkeologo eta boluntarioek ehunka metro dituzten lubakiak ikusi, txukundu eta katalogatu dituzte Asteasu, Zizurkil eta Adunan, Saseta defentsa-sistema osatuaz.

Honez gain, Aranzadiko zein beste hainbat elkarteetako adituek bisita gidatuak eta memoria historikoaren inguruko hitzaldiak ematen ari dira aztarnategiko lanak bere testuinguruan kokatzeko. Honela, gazteek hainbat memoria gune bisitatu dituzte: Elgetako memoria historikoaren museoa eta Intxortatik ibilbide tematikoa; Sartagudako memoria parkea; Ezkabako Gotorlekua; Lemoatx mendian egiten ari diren auzolandegia; Oiartzunera irteera etab.