Gerra Zibilean errepresaliatutako Aldundiko langileei buruzko liburua

Aranzadi

Astelehena, 2016eko abenduaren 19a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ideia honi jarraiki aurkeztu du Gipuzkoako Aldundiko langileak, 1936 liburua, frankismoak erakunde honetan burutu zuen garbiketa prozesuaren berri ematen duena. Vaqueroren esanetan, lanak “omenaldia” izatea ere badu xede, bai langile zein senitartekoei, beraien kasua ikusarazi eta behar duten aitorpena izan dezaten.

Donostian agertu da foru zuzendaria, eta berekin izan dira Javier Buces eta Elisa Querejeta, liburuaren ekoizpenean parte hartu duten Aranzadiko ikertzaileak. Lanak 1.051 langileren espedienteak jasotzen ditu, euren ideia, jarrera edota agindu betetze hutsagatik jazarriak izan zirenak eta, kasu askotan, prozesuaren ostean lana galdu zutenak. Vaquerok azaldu duenez, langileen senitartekoei bidaliko zaie liburua, eta deialdia luzatu du oraindik topatu gabe dauden familiartekoak Aldundiarekin harremanetan jar daitezen. Lurraldeko liburutegi publikoetan ere egongo da, herritarrentzat kontsultagai.

Mikeleteak, burdinbideko langileak, telefonistak, peoiak… Garbiketa prozesuak erakundeko esparru denei eragin zion. “Liburu honen bitartez gure erakundearen iraganeko gertakari beltz eta ilunetako bati argia eman nahi diogu. Eta gertatutakoaren gordailu eta gizarteratzeko erreminta izatea ditu helburu”, azaldu du Vaquerok. Erreminta baliagarria dela oso adierazi du, bai senitartekoek gertatutakoa ezagutu dezaten zein ikerketa berrietarako bide izan daitekeen dokumentazio gisa. “Iraganean jazotakoaren jakitun izan behar dugu berriro ez dadin horrelakorik gertatu, hau litzateke ez-errepikapeneko bermerik onena”, nabarmendu du foru zuzendariak.

‘Gipuzkoa, 80 urtez oroimenean’

Testuinguru honetan, Vaquerok azaldu du bihar Gipuzkoa, 80 urtez oroimenean ekitaldi berezi eta hunkigarria egingo dela Tabakaleran 19.00etan, 1936ko gertakarien 80. urteurrena oroitu eta gerra ondorengo erregimenak errepresaliatutakoen memoria berreskuratzeko. Bereziki Urolako Burdinbideko langile jazarriei egingo zaie omenaldia. “Aldundiaren langileak ziren hauek ere eta, Estatu kolpearen ostean, 123ri eragin zien garbiketa prozesuak”, esan du Vaquerok, erdia baino gehiago kaleratuak izan zirelarik. “79 langilek ebakuazio aginduak bete eta, kolpistak Urolara iritsi baino lehenago Bizkaira egin zuten ihes, lokomotor eta bagoi erdiak beraiekin zeramatzatelarik. Sabotajeak ere egin zituzten burdinbidean, honen erabilera oztopatzeko”, esan du.

Foru zuzendariaren hitzetan, ekitaldia “ezberdina” izango da, “hunkigarria oso”, eta bertan izango dira Urola Burdinbideko langileen ondorengoak, bai eta lurraldean gerrateak eragin berezia izan zuen herrietako erakunde arduradunak ere. Gipuzkoan, 1936an hartan, gerra, errepresioa eta behartutako erbesteratzeak errealitate gordina izan zirela gogoratu du Vaquerok. “80 urte geroago, ekitaldi hauen zentzua gure memoria eraikitzen jarraitu eta osatzea da, hainbeste pairatu zutenei ikusgarritasuna emanez”, gehitu du.