Gure eraikinetan habia egiten duten sorbeltzak eta beste hegazti batzuk babestea, udalerrientzako erronka

Ornitologia / Eraztuntze zientifikoa

Asteartea, 2026eko irailaren 29a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako jardunaldi teknikoak Kataluniako eta Euskadiko hirigintza eta ingurumen arloko profesionalak bildu ditu esperientziak partekatzeko eta eraikinetan habiak egiten dituzten hegaztien kudeaketa eraginkorragoa lortzeko

Aranzadi Zientzia Elkarteak jardunaldi tekniko bat egin du gaur Tolosan, eraikinetan habiak egiten dituzten hegazti babestuak kontserbatzeko eta fatxadak birgaitzeak eta eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeak planteatzen dituzten erronkei buruz.

Ekitaldian parte hartu dute Andu Martínez de Rituertok, Tolosako alkateak, Aitor Lekuonak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa animali eta landareen zerbitzuburua

Xabier Aranak, Bizkaiko Diptuazioko Natura Ondarearen Zerbitzuko buruak, Marta Olaldek, Arabako Foru Aldundiko Espazio Naturalen eta Biodibertsitatearen Ataleko buruak, espezialistek eta EAEko hainbat udalerritako arduradun teknikoek.

Gainera, Kataluniako Generalitateko eta Bartzelonako Udaleko ordezkariek beren esperientziak partekatuko dituzte birgaitze-lanak eta espezie horien habiak egiteko lekuen kontserbazioa bateragarri egiten saiatzeko erabiltzen dituzten protokoloetan.

Fatxaden gaineko jarduketek, batez ere baoak ixteak eta isolamendu-sistemak instalatzeak, hainbat espeziek erabiltzen dituzten espazioak desagertzea eragin dezakete, hala nola enara azpizuriak eta sorbeltzak. Gainera, indarrean dagoen legediak babestutako espezieak dira, habiak bezala.

Kataluniako esperientzia erreferentzia gisa

Jardunaldiaren eduki nagusietako bat Katalunian garatutako kudeaketa-ereduaren aurkezpena izan da. Montserrat López Molina, Kataluniako Generalitateko Fauna i Flora, eta Octavi Borruel Trenchs, Bartzelonako Udaleko Biodibertsitate Sailekoa. Biek azaldu dute zer prozedura eta protokolo aplikatzen diren Katalunian hegazti babestuen presentzia aztertzeko eraikinetan egiten diren obretan. "Bartzelonan, faunari buruzko aurretiazko txosten bat eskatzen diegu eraikuntza-enpresari, obra-baimenarekin batera", adierazi du Octavi Borruelek, "Fatxada horrek faunarik izango balu, Generalitatetik hartuko genioke lekukoa udalari, eta obren egutegia eta egin beharreko konpentsazio-neurriak zehaztuko genituzke", azaldu du Montserrat Lópezek.

Horrela, bere esperientziari esker, Euskadin egoera horien kudeaketan aurrera egiteko erreferentzia izan daitezkeen administrazioen arteko koordinaziorako tresnak eta moduak ezagutu ahal izan dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora Basatiko Zerbitzuko Felix Diez Garagarzak eta Lezoko Udaleko Ingurumen teknikari Leire Beteta Merinok ere parte hartu dute jardunaldian, eta Gipuzkoan egiten ari diren esperientzia eta kudeaketa aurkeztu dituzte.

Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin da, "Nola arindu dezakegu hegazti babestuen kudeaketa Euskadiko udalerrietan?" izenburupean. Ordubetez baino gehiagoz erakundeetako ordezkariek hitz egin dute eta hainbat ikuspuntu bateratu dituzte eta udalerriek dituzten erronka nagusiei heldu diete.

ENARAK, habiak ezagutzeko eta babesteko tresna

Jardunaldian, Aranzadik ENARAK proiektua ere aurkeztu du, espezie horien populazioen jarraipena egiteko ekimena, herritarren laguntza duena.

Proiektuaren baliabideetako bat ENARAK bisorea da, hainbat udalerritan erregistratutako habiak aurkitzeko aukera ematen duena. Informazio hori lagungarria izan daiteke udalentzat hegazti babestuak dauden eraikinetako jarduketak eta obra-baimenak baloratzeko.

Era berean, Aranzadik bertatik bertara ezagutzen duen arazo bati erantzuten dio proiektuak, habiak dauden fatxadetan obrak hasteagatik kezkatuta dauden herritarrek egindako kontsulten bidez.ç