Hegaztiak protagonista datorren asteburuan, tailer eta txangoekin

Ornitologia

Astelehena, 2015eko irailaren 28a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Urriaren 3 eta 4 hegaztiei eskainitako hainbat jarduera antolatu ditu Cristina Enea Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Hegaztien Mundu Eguna dela aprobetxatuz. Hasteko, urriaren 3an, larunbata, bi tailer izango dira Ulia Interpretazio Zentroan. Batetik, goizeko 8:00etan hegaztiak eraztuntzen ikasteko jarduera ospatuko da. Hegaztien eraztuntzeak informazio ugari ematen digu espezie desberdinen joanetorrien inguruan eta horretaz gain hegaztiak gertutik ikusteko aukera eskaintzen du beren luma, pisu, eta beste parametro batzuei erreparatuz euren egoerari buruzko ondorioak lortuz. Hegaztien egunarekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko adituek eraztuntze saio bat bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko digute Uliako basoko hegaztien ezaugarriak azaltzearekin batera.

Ondoren, gopizeko 12:00etan haurrentzako tailerra izango da, okil handiari eskainitako ‘Basoetako arotza’ jarduerarekin. Uliako hegazti esanguratsuenetariko bat da okil handia. Bera eta bere familiakoei txori arotzak deitzen zaie. Ba al dakizue zergatik? Hegaztien egunean, basoetako biztanle bitxi hauen ezaugarriak ezagutu, behaketan trebatu eta eskulan erraz baten bitartez gure okilari mugimendua emango diogu.

Artikutzara irteera ornitologikoa

Igandean berriz, urriak 4, Artikutzara txangoa izango da, bertako aberastasuna ornitologiaren ikuspegitik ezagutzeko aukera paregabea. Beti da plazer bat Artikutzako inguruetaz udazkenean gozatzea, pagadi zaharrak zeharkatuz eta ubide txikien artean pasiatuz. Baina bisita are gozagarriagoa izan daiteke, hegaztiekiko zaletasuna duen norbaitek gurekin egiten badu ibilaldia, hain ingurune berezi honek duen aniztasun ornitologiko aberatsaz jabetzera eramango baikaitu. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia sailak, Artikutza Naturak eta Cristina EneaFundazioak elkarlanean antolatutako irteera.

Txangoak 10 euro balio ditu pertsona bakoitzeko eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea (943453526 / cristinaenea@donostia.eus). Irteera 8:30ean izango da Donostiako Pio XII autobus geltokitik.

Argazkia: Juan Arizaga