Helduen heziketa memoria historikoaren bitartez lantzeko material didaktikoa

Aranzadi

Ostirala, 2016eko urtarrilaren 8a — CEST

Irakurketa: 5 minutu

2014ko urtarrilean abiatu zen KC-MEM proiektua, tokiko memoria berreskuratzearen inguruan helduen hezkuntza ez-formalerako hezkuntza-ikuspegi erakargarri bat garatzeko helburuarekin. Aurretik Sharing Memories at School (Eskolan Oroitzapenak Partekatzen) proiektuan izandako esperientzian oinarrituta KC-MEM hezkuntza-proiektua prestatu dugu, ondoren, kultura-erakundeek (museoak, liburutegiak), tokiko agintariek edo gizarte erakundeek erabili dezaten.

Material didaktikoa esteka honetan eskuratu daiteke: http://kc-mem.eu/eu/resources/

ERRESUMA BATUA

Leeds hirian, Royal Armouries museoak ‘New Approaches to Adult Learning in the Cultural Sector’ konferentzia antolatu zuen azaroaren 17an, non Erresuma Batua eta Irlandako museoetako 75 ordezkarik parte hartu zuten. Bertan, helduen heziketari buruzko hitzaldi eta tailerrak eskaini ziren, tartean KCMEM proiektuaren aurkezpena. Museoetako ordezkariak taldeetan banatu eta 6 herrialdeetan txertatu diren esperientziak entzun eta horiek haien ekintzetan barneratzeko ideiak partekatu ziren. Parte hartzaile baten esanetan: “nire ibilbide profesionalean helduen hezkuntzari buruzko konferentziarik interesgarriena iruditu zait honakoa”. Sare sozialetan, Twitterren berezik, konferentzia #MuseumAdultEd hashtag bitartez jarraitzeko aukera ere izan zen. Horren isla den Storify-a ikusi dezakezu hemen.

Honez gain, azaroan ere Royal Armouries-ek KCMEMen parte hartu zuten helduek prestaturiko ‘Lest We Forget’ erakusketa inauguratu zuen. Helduek Lehen Mundu Gerrari buruzko oroimen historikoa lantzen dute erakusketaren bitartez, bereziki zein memoria mantentzen diren gerraostean eta zein historia dagoen oroimen monolitoetan aurki daitezkeen izenen atzean. Inaugurazioa azaroaren 16ean izan zen eta 2016ko urtarrilaren 31era arte iraungo du.

Irudia: Royal Armouries

Erresuma Batuko esperientzia ezagutu ezazu: http://kc-mem.eu/eu/british-pilot-experience/

EUSKAL HERRIA

Euskal Herrian, Aranzadik EHUko antropologia ikasleekin bildu zen proiektua aurkeztu eta memoria historikoa lantzeko lan-irteeren inguruan hausnartzeko. Horrez gain, KCMEM ekimenean parte hartu duten helduek Segurako lehen ikastolaren sorreraren memoriak biltzen dituen liburu laburra aurkeztu zuten abenduaren Segurako Kulturetxean.

Segurako San Joan Ikastolaren Sorrera liburuak frankismoan euskararen eta euskal kulturaren aldeko pauso irmoa eman zutenen oroitzapenei bizia ematen die. Gurasoak, laguntzaileak eta bertan hezitako umeak izan ziren egoera ilun hura bide onean jarri eta argitu zutenak. Haien borondateari esker ikastolen mugimendua sustatu eta herriko umeak euskaraz hezi zituzten, debeku guztiak menperatuz.

Euskal esperientzia ezagutu ezazu: https://www.aranzadi.eus/actualidad/en-el-dia-del-euskara-aranzadi-presenta-un-libro-sobre-el-movimiento-de-las-ikastolas-en-segura?lang=eu

ZIPRE

2015eko azaroaren 5ean, Zipreko Frederick Unibertsitateak errefuxiatuen komunitate eta udalerriei zuzendutako formakuntza saioa antolatu zuen Nikosian, non KCMEM metodologia aurkeztu eta komunitate hauen memoria berreskuratzeko tresnak partekatu ziren. Jada udalerri batzuek programa txertatzeko ahaleginak egiten ari dira helduen heziketa eta memoria historikoa elkarrekin uztartzeko.

Honez gain, Zipreko Kultura Ministerioa, Nikosiako Udaletxea eta Zipreko Pedagogia Institutuarekin bilerak jorratu ditu proiektuaren emaitzak erakutsi eta elkarlana sustatzearren.

Zipretar esperientzia ezagutu ezazu: http://kc-mem.eu/eu/cypriot-pilot-experience/

ITALIA

2015eko azaroaren 28 eta 29an Fanano udalerrian aurkeztu zuten KCMEM. Lehenengo egunean, Philip Floyd Foss pilotuaren historiatik abiatuta Fananoren memoria historikoan murgildu ziren Italian. Partisanoek 1944ko azaroaren 13an atzeman zuten pilotua, eta harekin frontea zeharkatzeko bidea ibiltzeko aukera eskaini zitzaien parte hartzaileei. Bigarren egunean, Fananon bertan Ori-play jokoa aurkeztu zuten berriz ere, orientazioaren bitartez udalerriko memoria guneak ezagutzeko jokoa hain zuzen ere, KCMEMeko helduek diseinatu zutena.

Italiar esperientzia ezagutu ezazu: http://kc-mem.eu/eu/italian-pilot-experience/

POLONIA

“Memoriaren Zaporea” izenpean, Łomnica-Zdrój-eko emakumeek haien eskualdeko errezetak bildu dituzte KCMEM proiektuari esker. Honela, “Festiwal Pieroga Łomniczańskiego” ferian 400 pertsonentzako patata-bolak sukaldatu zituzten errezeta hauek ezagutarazteko, eta hori gutxi balitz, “Memoriaren Zaporea. Łomnica-Zdrój-eko sukalde ohiturak” liburua argitaratu dute. Poznań-eko Adam Mickiewicz Unibertsitatearen gidaritzapean, “Memoriaren Despentsa” erakusketa ere prestatu da, emakume parte-hartzaileen haurtzaroko memoriak biltzen dituena, gastronomia eta kulturaren erakusgarri direnak.

Antropologia ikasleekin eta beste udalerri batzuekin hitz egin dute jada KCMEM ekimena bultzatu eta zabaltzeko eta proiektuaren material didaktikoa banatzeko.

Poloniar esperientzia ezagutu ezazu: http://kc-mem.eu/eu/polish-pilot-experience/

ESLOVENIA

Esloveniako parte hartzaileek posterrak eta buletinak idatzi zituzten Kranj-eko udal liburutegian prestatu duten erakusketa iragartzeko. Erakusketan hogeigarren mendeko tradizioak eta folklorea aztertzen dituzte haien testigantzak hari bezala erabiliz. Honekin batera, hitzaldiak ere eskaini dira, hala nola, hogeigarren mende erdialdeko janzkerari buruzkoa.

KCMEMen sortu diren material didaktikoak esloveniar udalerri, museo, artxibo eta unibertsitateei aurkeztu zaizkie, eta Days of European Cultural Heritage ekimenean stand bat jarri zen ekimena hedatzearren.

Esloveniar esperientzia ezagutu ezazu: http://kc-mem.eu/eu/slovenian-pilot-experience/

Informazio guztia Newsletter formatuan eskuragarri. Zabal ezazu!