Hernani izan zen elkarte jaio berrian afiliatu zen lehen udala Aranzadi duela 75 urte
Aranzadi / 75. urteurrena
Asteazkena, 2022eko azaroaren 2a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Bi erakundeek efemeride hori gogoratu zuten, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa sinatuz.
1949an Hernaniko Udalak emandako laguntzari esker, Euskal Herri osoko beste erakunde eta udal batzuek bat egin zuten Aranzadi Elkartearekin.
Harrezkero, proiektu asko gauzatu dira herri honetan.
Hernaniko Udala eta Aranzadiren arteko elkarlana aspaldikoa da eta ibilbide luzea bezain emankorra egin dugu elkarrekin. Arkeologia eta Oroimen historikoaren alorrean egin ditugu hainbat lan, baina nabarmentzekoa da Botanika alorrean izan dugun elkarlanaren emaitza oparoa, bioaniztasunarekin lotuta elkarrekin egin dugun ikerketa-lan eta ekitaldien zerrenda luzea baita.
Zer esanik ez, ohore handia da Hernanirentzat Aranzadi Zientzia Elkartearen historian hain leku nabarmena izatea, horren ibilbide oparoa egin duen eta gure jendartean horren prestigio handia lortu duen entitatea izanda.
Hernaniko orduko agintariek apustua egin zuten jakintza sustatzeko hitzarmen hori sinatzen eta guk, nola ez, iraganean hasitako elkarlan aberasgarri hura elikatzeko konpromisoa hartzen dugu etorkizunean ere.
Aranzadi Taldearen hasiera
1949an, Aranzadi Zientzi Elkartea sortu eta bi urtera, hasierako “Grupo Aranzadi” eta lehenengo bazkideak: Abian jartzeko erakundeen laguntza bilatzen hasi ziren. Laguntza horiek, denborarekin, ezinbestekoak izango ziren mantentzeko. Elkarte jaio berriaren bazkide egin ziren erakundeen artean Hernaniko Udala dago, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide zen Aranzadi Taldeari babesa ematea erabaki zuena. Aranzadiko Lehendakariak, Jokin Otamendik, Hernaniko udaletxean egin zen ekitaldian, gogoratu zuen eta Elkarteak 1949an Jesus Elosegui, orduko Elkarteko Idazkari Nagusiak idatzitako hitzak gogoratu zituen orduko eskutitza irakurriz :
Hernaniko Udalari: 1949ko maiatzaren 7an.
"Ez dago ezer animagarriagorik eta atseginagorik Gipuzkoako herri garrantzitsuenetako bateko korporazio errektorea gurearen moduko kultura-enpresa bat babestera eta laguntzera zuzenean joaten ikustea baino, ilusioz beteta jaio baita. Udalarena bezalako kolaborazioek gure itxaropena berresten dute. Jainkoak nahi beza bere etsenpluak, gure historiako lehenak, imitatzaile ugari izan ditzan herrialdeko gainerako udaletxeetan”.
Urumea Zena eta Dena hitzaldi zikloa Biterin
Datorren azaroaren 3an, Hernaniko Udalak, Aranzadi Elkartearekin batera, Urumeako bailarari natura- eta kultura-ondarearen ikuspegitik balioa ematea helburu duen hitzaldi-zikloa aurkeztuko du. Horregatik 4 hitzaldi labur eta familia tailer bat antolatu dira Biteri Kultur Etxean.
Hitzaldiak honako hauek dira:
- Urumea bailara Historiaurrean
- Izokin arrantzaren historia Urumean
- Industria- ondarearen garapena Urumean zehar
- Uhandre- piriniotarra, ur hotzeko erregina
Hitzaldiak Aranzadiko adituek emango dituzte, biologo, arkeologo eta historialarien artean.
Eta hitzaldi-ziklo honetako ekitaldiei amaiera emateko, azaroaren 5ean, larunbata, familientzako historiaurreko tailer bat egingo da Akolako jolas-gunera 11: 00etan hurbiltzen direnentzat. Izena emateko beharrezkoa da bibe.me