Hernanin 1960-2018 gertatutako giza eskubideen urraketak jasotzen ari da Aranzadi Elkartea

Aranzadi

Asteazkena, 2018eko urriaren 10a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Hernaniko Udalak oroimen historikoa berreskuratu eta bizikidetza lantzeko duen konpromisoaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteari enkargua eman zion herrian gertatutako giza eskubideen urraketak ikertu eta dokumentu batean jasotzeko. 1960-2018 denbora tartea hartuko du ikerlan horrek. Apirilean ekin zion Aranzadik ikerketa lanari eta urtea amaitu aurretik plazaratuko da lana. Lan hori egitea adostu zen Hernaniko udal talde guztien artean eta horren adierazle da gaurko agerraldia.

Javier Buces Aranzadiko ikerlaria da proiektuaren arduraduna. Hark azaldu duenez, “proiektu honen helburua da jakitea zer gertatu den Hernanin eta jasotzea hernaniarren aurka azken hamarkadetan egin diren giza eskubideen urraketak. Errelatoa egin gabe, kontakizunari buruzko dialektiketan sartu gabe, baina bai gertatukoa testuinguruan jartzen, hainbat artxibotan ikertzen eta testigantzak jasotzen”.

“Gure helburua argi dago: motibazio politikoz Hernanin urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk ikertzea. Gure iritziz, lan hau Euskal Herriko herri batentzat oso inportantea da. Beti errepikatzen ditugu hiru printzipio: egia, justizia eta erreparazioa. Benetako justizia eta erreparazioa betetzeko, herritarrek egia osoa jakin behar dute. Eta hori hain justu da gure lana”, adierazi du Javier Bucesek.

Nazioartean, giza eskubideei dagokienez, hiru printzipio nagusi daude: egia, justizia eta erreparazioa. “Aranzadiri dagokionez, egiaren printzipioa bete nahi dugu lan honen bidez. Justizia eta erreparazioa beste erakunde batzuen esku daude, baina egia jakin gabe ezin dira beste bi printzipioak bete”, ohartarazi du Bucesek.

“Oso gai konplexua da, kontzienteak gara, sentsibilitate eta diskrezio guztiarekin ibili behar dugula jakin badakigu. Horregatik, Aranzadiko ikerlariok, Azpeitian edo Tolosan egin dugun bezala, hilabete hauetan diskrezioz lan egin dugu eta emaitza batzuk eman ditzakegu”:

-Momentuz, 387 pertsona identifikatu ditugu eta 14 elkarrizketa egin ditugu
-Urraketa motei dagokionez, 500 kasu baino gehiago jaso ditugu. Hauek dira emaitza batzuk:
• Bizitza-eskubidearen aurkako urraketak: 16 kasu
• Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurkako urraketak: 400 inguru kasu
• Ondasun materialaren aurka 180 kasu eta gutxienez 33 ondasun partikularren kontra.
• Herritarren aurka egindako estortsio ekonomikoa: 5 kasu
• Beste sufrimenduari dagozkion, 70 kasu identifikatu ditugu.

“Egindako lana handia da, baina gure lana ez dugu bukatu: hernaniarren laguntza behar dugu. Haien testigantzak, datuak ezinbestekoak dira lana ahalik eta osatuena izateko”, nabarmendu du Aranzadiko ikerlariak.

Hori bideratzeko Aranzadik haiekin harremanetan jartzeko telefono bat eta helbide elektroniko bat jarri du herritarren eskura. “Diskrezio osoz, hernaniarren eskura gaude datozeen hilabeteetan gure lana osatzeko, hobetzeko edo zuzentzeko”.

Telefonoa: 699 80 91 30

Posta elektronikoa: jbuces@aranzadi.eus