Irulegiko kanpaina arkeologikoa abian da, herrixka gotortuaren eremu gakoak hobeto ulertzeko asmoz

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Larunbata, 2024eko uztailaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Irulegiko Burdin Aroko aztarnategiak baskoien bizimoduari, gizarte-egiturari eta kultura materialari buruzko zalantza asko planteatzen jarraitzen du. Galdera horietako batzuei erantzuteko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aranguren Ibarreko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, Irulegi mendiko indusketei ekingo die aurten ere, bi hilabetez.

Mattin Aiestaran arkeologoaren gidaritzapean, eta abuztuaren 18ra arte, bi helburu nagusi betetzeko asmoa du taldeak. Lehena, ikerketarekin aurrera egitea da, herrixkako eta inguruetako zenbait eremutan indusketak eginez. Izan ere, kanpainaz kanpaina, Irulegi funtsezko aztarnategia bilakatu da Ebro harana altu-ertaineko azken milurtekoko gizarteen eta mendebaldeko Pirinio inguruko eremuaren garapena ulertzeko.

Bigarren helburua kontserbazioarekin lotuta dago; izan ere, aurreko kanpainetan azaleratu ziren egiturak finkatu egin behar dira, kalteak saihesteko eta jendaurrean behin betiko erakusgarri egoteko. Horretarako, orain arte induskatutako 3 etxebizitzak kontsolidatzea aurreikusten da: 6000 eraikina, Irulegiko Eskua agertu zen tokia; 3000 eraikina; eta 5000 eraikina edo eskaileren etxea.

Orain arte induskatu den sektorearen planimetria.

Irulegi, argitu gabeko eremu ugari

2023ko kanpainan prospekzio geofisikoa egin zen berriro aztarnategiaren hirigunean, baita ordura arte aztertu gabeko hainbat eremu txikitan ere, eta ondorio interesgarriak atera zituzten herrixkaren azken faseko hirigintzari dagokionez.

Eremu horien funtzioa argitzeko asmoz, aztarnategiko hainbat puntutan kata arkeologikoak egitea izango da 2024ko esku hartzearen ardatza. Hala, beste zundaketa batzuen artean, oraindik induskatu ez diren eta errekuntza maila handia erakusten duten bi eraikin txikik izango luketen funtzioa ulertu nahi du taldeak. Horrez gain, lubaki itxurako zundaketen bidez, herrixkako zulo edo terraza itxurako etxebizitza posibleak, harresia izan daitekeena eta, aurreko zundaketetan aztertu zenari jarraituz, Erdi Burdin Aroko zeramika ezohikoen biltegi bat agertu zen lekua ikertzea aurreikusten dute, kutxatila-zelaien nekropoliarekin lotuta egon litekeena.

Bisita gidatuek bidaia bat eskainiko dute baskoien lurraldera

Aurreko kanpainan 2000 bisitari baino gehiago pasa ziren Irulegitik, eta aurten ere Aranzadik bisita gidatuak eskaintzen ditu publiko orokorrarentzat, aztarnategian lan egiten duten arkeologoen eskutik. Bisita hauek baskoien lurraldearen bihotzera bidaiatzera proposatzen dute eta Irulegi mendiaren aparteko ondarea ezagutaraztea dute helburu. Irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, asteazkenetik igandera, 10:00etan hasita Ilundaingo aparkalekutik.

Aurten, gainera, ikasleekin txango bat egin nahi duten ikastetxeentzat ere eskuragarri daude bisitak.

Bisita gidatuak www.irulegi.eus webgunearen bidez erreserbatu daitezke.