Irulegi, munduari bira eman zion eskua
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteartea, 2023eko azaroaren 14a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
- Urtebete igaro da Aranzadi Zientzia Elkarteak 2022ko azaroaren 14an Irulegiko Eskuaren aurkikuntza aurkeztu zuenetik, Euskal Herriko arkeologiarentzat mugarria izan zena.
- Irulegiko ikerketak eta eskuaren aurkikuntzak iraultza ekarri dute maila zientifikoan, eta Aranzadiko lantalde ikertzailearen gorespena nazioartean. Datozen hilabeteetan Irulegiri buruzko bi artikulu zientifiko argitaratuko dira Antiquity eta Paleohispánica aldizkarietan.
- Kultura- eta gizarte-jarduera ugari inspiratu ditu Irulegiko Eskuak, Burdin Aroko herrixkan indusketak aurrera jarraitzen duen bitartean.
- Orain, erakunde publiko eta pribatuekin eta boluntarioen parte-hartze aktiboarekin epe luzeko ikerketa-proiektua sendotzea da erronka.
Duela urtebete, Aranzadi Zientzia Elkarteak prentsaurrekoa antolatu zuen Gongorako Zarra jauregian (Aranguren Ibarra, Nafarroa), arkeologiaren mundua ez ezik, hizkuntzalaritza eta epigrafia paleohispanikoa ere goitik behera aldatuko zituen aurkikuntza bikain baten berri emateko. Irulegiko Eskua deritzonak, 2100 urte inguruko eskuko brontzezko xafla alegia, orain arte aurkitu den protoeuskararen testu idatzirik zaharrena du, eta baskoiek haien hizkuntzan idazten bazekitela frogatzen du. Gainera, lehen hitzak, “sorioneku” gisa transkribatuak, interes handia piztu zuen, gaur egungo “zorioneko” hitzarekin duen antzekotasunagatik, objektuaren erabilera sinbolikoa edo errituala adierazten baitzuen.
Irulegiko Eskua eta aztarnategia diziplina anitzeko profesionalen taldeak ikertzen dihardu, arkeologian, linguistikan, epigrafia paleohispanikoan, geologian, zaharberrikuntzan, kimikan eta abarretan lan egiten dutenak, Aranzadiren eta Mattin Aiestaran arkeologo zuzendariaren koordinaziopean.
Nazioarteko ikerketa, onespena eta hedapenaren urtea izan da Irulegirentzat
Aurtengo udan, Aiestaranen taldeak orain arte egin duen kanpaina arkeologikorik luzeena egin du Irulegin. Hiru hilabetez, hirugarren eraikin bat eta herriko bide nagusiaren zati bat induskatu dira. Ia 100 boluntarioen laguntzarekin, aurtengo kanpainaren helburua Burdin Aroko herrixkaren hirigintza eta baskoien bizimodua hobeto ezagutzea izan da.
Honela, milaka zeramika zati, arma ugari, fauna-hezurrak, etxeko tresnak, etab. berreskuratu dira, baita Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean aurkitutako eskailera bakarrak ere. Ekainetik irailera bitartean egindako indusketetan gainera, 2.000 bisitari baino gehiagok parte hartu zuten aztarnategian bertan Aranzadiko arkeologoek eskainitako bisita gidatuetan.
Izan ere, Irulegik duen kontserbazio eta tipologia bereziagatik aurkikuntzak Euskal Herriko mugak gainditu ditu. Heritage Daily atariak "Irulegiko eskua" 2022ko mundu mailako 10 aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenetako bat bezala izendatu zuen.
Zientziaren aldetik, Europako arkeologia-komunitateak joan den abuztuan Aranzadi eta Irulegiko ikertzaile-taldea 2023 Europako Arkeologia Sariarekin aintzatetsi zituen Belfasten (Ipar Irlanda) egin zen Europako Arkeologia Biltzarraren 29. edizioan. Irulegiko taldeak, gainera, Archiletras 2023 Saria eta Sabino Arana 2023 Saria ere jaso ditu. Gainera, datozen hilabeteetan Irulegiri buruzko bi artikulu zientifiko argitaratuko dira Antiquity eta Paleohispánica aldizkarietan.
Kontserbazioari dagokionez, eta Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak bultzatuta, Irulegiko multzoa (Burdin Aroako herrixka eta Erdi Aroko gaztelua) Interes Kulturaleko Ondasun (BIC) gisa katalogatu da. Eta aurkikuntzaren eragin mediatikoari dagokionez, Irulegiko aztarnategiak 1.000 prentsa inpaktu baino gehiago izan ditu tokiko, estatuko eta nazioarteko komunikabideetan.
Urteurren hori dela eta, Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Jaialdiak (Ficab) Irulegiko Eskuak duela urtebete ezagutzera eman zuen ikus-entzunezko pieza proiektatuko du azaroaren 18an. Film labur hau Irungo Amaia kultur etxean ikusi ahal izango da eta bertan aztarnategiko arduradunak egongo dira.
Irulegiko Eskua, kultura-ikono
Aurkikuntzaren berri eman ondoren, euskal gizarteak bere egin zuen ondare hau, eta gizarte-fenomeno bihurtu zuen. Eskuari lotutako kultura-jarduera ugari bultzatu dira 2023an: abestiak, gizarte-mugimenduen desberdinen ikur bezala, merchandising-a, souvenirrak eta beste hainbat objektu inspiratu ditu.
Bestalde, 2023an, Aranzadik hainbat ekimen ere bultzatu ditu: hitzaldiak eskaini ditu Euskal Herria osoan, OrekaTX-ekin batera antolatutako ekitaldi musikalizatuak plazaratu ditu, "Irulegiko eskua, K.a. I mendeko lekukotasun epigrafiko bat Aranguren Ibarrean" liburua argitaratu du, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaro monografiko bat antolatu du.
Honez gain, Aranguren ibarreko Udalak Irulegi mendiko ibilbide berriak, Ilundainen aparkaleku berri bat eta bertara iristeko seinale berriak jarri ditu udaran zehar, bisitarientzat aztarnategia eskuragarri uzteko.
Entitate publiko eta pribatuak inplikatuko dituen epe luzeko proiektua
Irulegiko ikerketa arkeologikoaren inguruko dinamikak sendotzeko, Aranguren Ibarreko Udalak eta Aranzadik estrategia bat proposatu dute datozen urteetarako, ibarrari kultura- eta natura-ondarea balioesteko baliabideak emango dizkiona, aztarnategiaren balio kalkulaezina nabarmenduz.
Hala, 2024ko kanpaina arkeologikoa bultzatzeko asmoz, Aranzadik dei egiten die gure herrialdeko erakunde, instituzio eta enpresei, aparteko ondare hori babesten lagundu dezaten, etorkizunean proiektuaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten lankidetza eta mezenasgoaren bitartez. Izan ere, Irulegiko aztarnategiak 14 hektareako azalera du gutxi gorabehera, eta, 2018an indusketa arkeologikoak hasi zirenetik, soilik 500 m2 inguru azaleratu dituzte arkeologoek. Aurkikuntza bikain eta luzerako lana dagoenaren seinale.