Irulegiko Eskua, Archiletras de la Lengua Sarietan saritua
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2023eko ekainaren 28a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Archiletras Sarien II. edizioak ikerketa-kategorian Joaquin Gorrotxategi eta Javier Velaza hizkuntzalariak saritu ditu Irulegiko Eskuari egindako ikerketa filologikoagatik. Atzo Madrileko Casa América-n egindako sari-banaketan, kulturaren, politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta diplomaziaren arloko pertsona ospetsuak bertaratu ziren.
Irulegiko aztarnategiari eta Irulegiko Eskuari buruzko ikerketa arkeologiko eta linguistikoek interesa sortzen jarraitzen dute, eta nazioartean aintzatespenak jasotzen. Oraingoan, Archiletras de la Lengua Sariek, beren ikerketa-kategorian, aurkikuntza historikoaren atzean dauden linguistak saritu ditu: Joaquin Gorrotxategi, Euskal Herriko Unibertsitateko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna; eta Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko Latin Filologiako katedraduna.
Irabazleak atzo iragarri ziren Casa de América-n (Madril) egin zen ekitaldi publiko batean. Kulturaren eta, bereziki, hizkuntzaren eta literaturaren esparruan ibilbide eta ospe profesional nabarmena duten 13 pertsonak osatzen dute sarien epaimahaia, eta aurkeztutako 149 hautagai-zerrendetatik 36 finalisten izenak argitaratu zituzten pasa den maiatzaren 30ean, Irulegiko Eskuaren lantaldea tartean.
Irulegiko Eskuari egindako ikerketa filologikoaren saria Joaquín Gorrotxategik jaso zuen, bere hitzetan: “Irulegiko Eskua aurkitzeak izugarri aberastu du erromatarren aurreko hizkuntzen ezagutza”, eta “gure ondare komunaren ezagutzan aurrerapauso bat da”. Gorrotxategik Fernando Grande -Marlaska Barne Ministroaren eta Pilar Bello Archiletras aldizkariko erredaktorearen eskutik jaso zuen Sean Mackaoui artista suitzarrak sortutako jatorrizko lan grafikoa.
Archiletras sariei buruz
Archiletras komunikabide globala eta panhispanikoa da, Arsenio Escolar kazetariak sortutakoa, gaztelania hizkuntza ardatz duena. Archiletras de la Lengua Sariak Prensa y Servicios de la Lengua-k antolatu ditu, Archiletras dibulgazioko hiru hilabeteko aldizkari inprimatua, Archiletras Científica ikerketako sei hilabeteko aldizkari inprimatua eta archiletras.com web gunea argitaratzen dituenak. Urtero egiten dira, eta esparru globala dute, ez bakarrik Espainia mailakoa. Bigarren edizio honetan, Inditex, CaixaBank eta Googleren patrozinioa izan dute; Telefónica, Iberia, Clece, Grupo MásMóvil, EnClaro eta Ateneo-ak kolaboratzaile; eta Renfe, Mahou Sanmiguel eta Casa América-ren babesa ere jaso dute.