Irulegiko kanpaina arkeologikorik luzeena amaitu da
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Osteguna, 2023eko irailaren 14a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
- Aranzadiko arkeologo talde batek eta ia 100 boluntariok herrixkaren kale nagusia eta hirugarren etxe bat induskatu dituzte.
- Azaleratutako etxebizitza berezia da bere tipologiagatik, orain arte mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean agertu diren eskailera bakarrak kontserbatzen baititu.
- Kanpaina arkeologikoan milaka zeramika zati, arma ugari, fauna-hezurrak, etxeko tresnak, etab. berreskuratu dira.
- 2000 bisitari baino gehiago pasa dira aztarnategia ezagutzera, Aranzadiko arkeologoek gidatuta.
Irulegiko Eskua aurkitzea mugarria izan zen Euskal Herriko arkeologian, eta aparteko aurkikuntza euskararen jatorriaz gehiago jakiteko. Irulegiko Burdin Aroko herrixkaren garrantzi arkeologikoa haratago doa, eta hura industen jarraitzea funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko.
Ekainaren 19az geroztik, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo talde batek herrixka induskatzen ibili da ia 100 boluntarioen laguntzarekin. Aurtengo kanpainaren helburua Burdin Aroko herrixkaren hirigintza hobeto ezagutzea izan da. Alde batetik, herrixka artikulatzen duen kale nagusiaren ekialdeko eremua industu da. Izan ere, orain arte induskatu direnekin alderatuta, 2010ean, 2018an eta aurten berriro ere errepikatu diren miaketa geofisikoetan, errekuntza zantzu ez hain nabarmenak eta beste mota bateko hirigintza antzematen ziren.
2023ko indusketa arkeologikoak erakutsi duenez, ekialdeko eremua ere erasotua izan zen eta garai berean abandonatua, errekuntza zantzu oso nabarmenak azaleratu baitira. Era berean, eraso testuinguru baten aurrean gaudela ziurtatu da, aurreko urteetan bezala, erabiliak izan ziren arma ugari topatu direlako.
Honez gain, aurten bere osotasunean ireki den hirugarren etxebizitzak ezaugarri bereziak ditu. Etxe honek bi fase nagusi izan zituen, oinplano laukizuzen estuago batetik hasi eta mendebalderantz egin zitzaion zabalpen bat, bere azalera ia bikoiztuz. Zabalpen honen ezaugarririk ezohikoena kale nagusitik etxera sartzeko egindako harrizko eskailerak dira. Orain arte ez zen Pirinioen mendebaldeko inongo herrixketan horrelako egiturarik atzeman eta harrigarria da zazpi mailako eskailera honek gaur egun arte izan duen kontserbazioa.
Irulegi gatazka kontestuan hobeto kokatzeko kanpaina
Irulegiko 2023ko kanpaina, aztarnategi honetan Aranzadik egin duen hamabosgarrena da, eta denetatik luzeena, hiru hilabetez egon baitira arkeologoak industen. Orain arte egin diren lanetan, gutxienez herrixkaren lau fase identifikatu eta datatu dira. Irulegiko mendian duela 3200 urte ingurutik jendea bizi izan zen, duela 2100 urtera arte, K.a. I. mendera arte, hain zuzen. Azken herrixka hau izan zen Guda Sertoriarretan erasotua izan zena eta su harturiko etxebizitzen lastozko teilatuek, egurrezko egiturek eta adobe edo pezozko adreiluen erortzeek estali zituzten herrixkako elementu guztiak: zeramika ontziak, eguneroko bizitzarako elementuak eta baita objektu bereziak ere, tartean Irulegiko eskua, baskoieraz idatzirik azaldu den lehen testua duen brontzezko eskua.
Hain zuzen ere, 2023an, aurreko urteetan bezala, milaka zeramika zati, fauna-hezur, etxeko tresnak, etab. berreskuratu dira. Material guzti honek erakusten duenez, Burdin Aro amaierako azken Baskoi hauek erromatarrekin kontaktuak zituzten eta beraien erromatarkuntza orain arte uste baino konplexuagoa eta ez hain bapatekoa izan zela. Orain arte ikertutakoak erakutsi bezala, Irulegiko herrixka erromatar gudu zibil baten testuinguruan erasotua eta abandonatua izan zen, K.a. 70. hamarkadan.
2000 bisitari baino gehiago pasa dira Irulegitik
Irulegiko ikerketa arkeologikoak aurten ere bultzada handia izan du gizartean. Arkeologoek gidatuta, hainbat bisita antolatu ditu Aranzadik jendeak herrixka eta arkeologoen lana hobeto ezagutu ditzan. Denera, 2000 pertsona baino gehiago pasa dira azken hiru hilabetetan Irulegitik.
Honez gain, Aranguren Ibarreko Udalak Irulegi mendiko bidexkak eta sarbideak egokitu ditu, seinaletika berria eta 150 ibilgailuentzako aparkalekua martxan jarriz. Honela, aztarnategia modu jasangarriago eta antolatuagoan bisitatzeko aukera eskaini nahi izan du Ibarreko udalak.