KCMEM: helduen heziketa ez formala eta memoria historikoa

Aranzadi

Ostirala, 2015eko abuztuaren 7a — CEST

Irakurketa: 7 minutu

Helburua zera da, tokiko oroitzapenak berreskuratu eta bildu, eta hortik abiatuta, ikasle helduek funtsezkoak eta transferigarriak diren konpetentziak haienganatzea. KC-MEM ekimenean Aranzadik hainbat erakunde europarrekin elkarlanean dihardu, 2010. urtez geroztik SEM@S edo SEMBET proiektuak garatu dituen taldearekin hain zuzen ere: Futura (Bolonia, Italia), Adam Mickiewiecz Unibertsitatea (Poznan, Polonia), Royal Armouries Museum (Leeds, Erresuma Batua), Kranj-eko Udal Liburutegia (Kranj, Eslovenia) eta Frederick Unibertsitatea (Nikosia, Zipre).

Esperientzia pilotuak

2015eko lehen seihilekoan, KCMEM elkarteak proiektuaren metodologia ebaluatu du herrialde bakoitzean eta ikasketa-planaren behin betiko bertsioa diseinatzeko datu erabilgarriak atera ditugu hortik. Oro har, ikusi dugu, helduentzako ikastaro ez-formalak egiteko tresna gisa memoria erabiltzeak emaitza onak eman dituela.

EUSKAL HERRIA

Seguran egin zuten KCMEMen esperientzia-pilotua, 2015eko ekainean. 40-70 urteko 8 helduk hartu zuten parte (3 emakume eta 5 gizon). Gai nagusia diktadura frankistaren amaiera aldera (1960-70) Seguran lehen ikastola nola jarri zuten izan zen. Partaideen artean ziren ikastola hartako 2 ikasle ohi eta lehen irakaslea, guraso eta laguntzaile batzuk, eta denen artean, oroitzapenak lantzeari ekin zioten.

Elkarrekin diskurtso bakarra sortu eta diskurtso hori, sormenez jorratuta, irratsaio baten bidez partekatzearen esperientzia bizi izan zuten partaideek. Eskualdeko irratian eskainitako saioa prestatzeko, historiaren eta memoriaren arteko aldeei erreparatu zieten lehenengo eta argazki eta agiri zaharrak ekarri zituzten esperientzia pertsonalak elkarri kontatzeko. Ondoren, lehen ikastola hura sortzen parte hartu zuten pertsonak elkarrizketatu zituzten eta, amaitzeko, kontakizun bat sortu zuten denen artean, hura, ondoren, irrati bidez hedatzeko.

2015eko irailean, liburuxka bat prestatuko dute esperientzia osoan oinarrituta eta Segurako herritarrei helaraziko diete.

ZIPRE

Zipreko tokiko hezkuntza-programan, “Lapithos-ko jendearen bizitza kulturala 1970eko erdialdera arte: memoria ‘tranpatia” izenekoan, turkiarren inbasioa gertatu aurretik Lapithos inguruan, Zipren, bizi zirenen eguneroko bizimoduari buruzko oroitzapenak bildu zituzten.

46-66 urteko bost gizonek eta bederatzi emakumek hartu zuten parte hezkuntza-programan eta kementsu eta gogo biziz aritu ziren denak. Zipreko taldea (Frederick University) oso gustura gelditu zen parte-hartzaileek erakutsitako konpromisoagatik, programa amaitu arte jarraitu baitzuten, zazpi bileretan parte hartuta.

Lehen bileran, memoriaren kontzeptua azaldu zieten partaideei, eta memoria nola transmititzen eta eraikitzen den ere jorratu zuten. Gaikako unitateak aztertu eta identifikatu zituzten helduek taldean; esate baterako, Lapithos-ko objektuak, eskola eta jendearen ohiturak inbasioa baino lehen eta ondoren, gastronomia eta arte herrikoia. Esperientziak partekatzeko webgune bat egitea ere erabaki zuten. Lapithos-ko udalerriarekin eta gazteen elkartearekin partekatuko dute webgunea; baita egindako lana ezagutu nahi duen edonorekin ere. Hona: www.lapithosmemory.kc-mem.eu

Webgunean argitaratutako materiala jasoko duen liburuxka bat jasoko dute parte-hartzaileek, opari. Objektuetan oinarritutako ikaskuntza eta ikaskuntza dialogikoa izan ziren metodo emankorrenak. Bilerak amaitzeko, objektuak ekarri zituzten partaideek eta elkarri kontatu zizkieten objektu haiei lotutako istorioak. Eztabaidak, aurkezpenak eta bakarkako zein taldekako lanak egin zituzten. Audioak eta irudiak grabatu zituzten bilera guztietan.

ITALIA

Fanano udalerrian egin zuten esperientzia pilotua. Memoria historikoa landu dute eskualdean, “Lerro Gotikoa, Memoriaren Laboratorioa” elkarteari esker. “Lerro Gotikoa” elkarteko kide diren bidaia-antolatzaileen talde batekin egin zuten esperientzia eta diorama bizia metodologiaren bidez landu zuten memoria. Historialariak eta ikertzaileak ziren taldeko kide guztiak; 40-54 urteko gizon-talde bat.

Lehen fasean memoriaren kontzeptua batetik, eta historiaren eta memoriaren arteko aldea, bestetik, landu zituzten. Ondoren, lekuei buruzko kontakizuna eraiki zuten, oroitzapenak alderatu eta ondoren, oroitzapen horiek gertaeren testuinguru historikoan txertatuta. Horri esker, Fananoko gune historiko garrantzitsuak ezagutzeko ibilbidea sortu zuten, autogidatua. Helduen eta adinekoen partaidetza aktiboa sustatu zuten, partaideen artean ezagutza transmititzeko bidea egin zuten eta zituzten gaitasunez jabetzeko aukera ere izan zuten.

Udalerriko mapa bat hartuta, ibilbide autogidatua diseinatu zuten orientazio-teknikak erabilita, eta oinarri gisa hartu zituzten Frantziako Randojeu ekimena eta Fananon dauden Bigarren Mundu Gerrari lotutako toki historikoen ezaugarriak.

2015eko irailean, Fananoko herritarrei aurkeztu eta proposatuko diete jolasa eta, aurkezpenean, aukera izango dute hiriko tokiak eta oroitzapenak ezagutuz jolasteko. Partaideen taldeak erabaki du eskolentzako eta taldeentzako turismo-ekintza gisa eskainiko duela ibilbidea; jolasteko animazioa izango da, baina aldi berean, ikerketa-programa ere bai.

POLONIA

“Memoriaren zaporea” izeneko mintegiak Łomnica-Zdrój herrixka menditsu ederrean egin zituzten. Saioetako gai nagusia tokiko sukaldaritza izan zen eta partaideek janariari buruz hitz egin zuten, baina bide batez, baita ohiturei eta errituei, nekazaritzari, laborantzari eta eguneroko bizitzari buruz ere. Garai bateko zaporeen oroitzapenak eta hainbat belaunaldiren oroitzapenak berreskuratzen saiatu ziren saioetan. Azkenean, tokiko jakien 30 errezeta bildu eta sukaldean aritzeko tresna zaharrak erabili zituzten oroitzapenak elkarri lotzeko tresna gisa. Beste jarduera batzuk ere egin zituzten; esaterako, hainbat belaunalditako kideentzako mintegiak antolatu zituzten Aste Santuko arrautzak apaintzeko (pisanki) eta mendira joateko txango bat ere antolatu zuten garai bateko mendiko iturriak bilatzeko.

Partaideekin elkarlanean prestatu zituzten saio guztiak eta Łomnica-Zdrój-ko Garapen Elkarteak eta Piwniczna-Zdrój-ko Tokiko eta Komunitateko Kultura Zentroak ere hartu zuten parte mintegiak koordinatzeko eta antolatzeko lanetan. Mintegiei eta eztabaidei esker, partaideak jabetu ziren komunitate txikientzako oso garrantzitsuak direla tokiko tradizioak eta horiek zaintzea ere funtsezkoa dela.

Mintegien emaitza gisa, tokiko sukaldaritzari buruzko liburuxka bat eta Łomnica-ko sukaldaritzako tradizioei eskainitako erakusketa bat prestatuko dituzte. Bertako sukaldaritzan ohikoak diren bola beteen –Pierogi Łomniczańskie– inguruan urtero egiten duten jaialdian proiektua ezagutarazteko asmoa ere badute.

ESLOVENIA

Esloveniako Kranj hirian, XX. mendeko ospakizunak izan ziren hezkuntza-proiektuan parte hartu zuten 11 lagunek aukeratutako gaia. 50-70 urtekoak ziren partaide gehienak; haietako batzuk erretiratuak, baina nolanahi ere, herritar aktiboak.

Eskualdeko hainbat kultura-erakundek hartu zuten parte ikastaroa diseinatzeko lanetan eta partaideek hasieratik erakutsi zuten konpromiso eta motibazio handia.

Emaitza nagusia ikasleek historiari buruzko ezagutza jasotzea izan zen. Horretarako, material historikoak bildu, ikerketak egin eta, bide batez, IKTen inguruko jakintza ere garatu zuten. Aipatutako gaiari buruzko istorioak eta objektuak bildu zituzten. Horretarako, elkarrizketak egin zituzten, liburutegietan ikerketak ere bai, eta gaiari buruzko jakintza duten hainbat erakunde kulturaletara bisitak ere egin zituzten. Jasotako guztia bateratu eta egunkari bat osatu zuten. IKTei buruzko gauza berriak ere ikasi zituzten bidean.

Egunkariaz gain, erakusketa bat jarriko dute Kranj hiriko udal-liburutegian 2015eko irailean. Beste hainbat ekitaldi ere antolatuko dituzte eskualdeko elkarte kulturalekin batera.

ERRESUMA BATUA

Erresuma Batuko taldea hamalau ikasle heldurekin aritu zen eta memoria historikoa jorratu zuten Lehen Mundu Gerrari lotuta. Batez ere erretiratuek osatu zuten taldea, gizon zein emakume, bietatik. Astean bi orduz elkartu ziren hamar astez, Yorkshire eskualdeko bigarren hezkuntzako ikastetxe batek gidatutako Komunitate Programa zabalago baten baitan.

Leeds hiriko Royal Armouries Museum, Errege Armategiaren Museoan izan ziren partaideak, museoaren artxiboko materiala aztertzen, galeriak ikusten eta gerrari lotutako objektu fisikoak ere ikusi ahal izan zituzten. Proiektuaren ardatza zera izan zen, aztertzea ea zergatik gordetzen ditugun gerrari buruzko gauza batzuk gogoan, baina beste batzuk ez, eta aztertzea, baita ere, ea aukeraketa horri nola eman dioten forma gure komunitateek eta gizarteak. Proiektuko taldekideek haien denbora librean egin zuten lan “Lest we forget” (Ez dezagun ahaztu) izeneko erakusketaren edukia sortzeko. Erakusketa museoan egongo da ikusgai 2015eko azarotik 2016ko urtarrilera eta museoaren “Inspiratzaileak” programaren baitan dago.

Nazioarteko prestakuntza-mintegia

2015eko azaroaren 17an, Leeds hirian, izango da Kulturaren Sektorean Helduak Trebatzeko Ikuspegi Berriei buruzko biltzarra, egun batekoa. Bertan, KCMEM proiektuko kideek proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte eta kultura-erakundeen eta helduen prestakuntzarako erakundeen arteko elkarlana sustatzeko ikuspegi berritzaileak aztertuko dituzte. Helduen prestakuntzaren inguruan Erresuma Batuan dauden elkarte berritzaileen adibideak ezagutu ahal izango ditugu biltzarrean.

Bisitatu KCMEM proiektuaren webgunea!

Newsletter KCMEM Euskaraz

Newsletter KCMEM English