Kultura Eskola katalogorako ondareari buruzko proposamenak aurkezteko deialdia

Aranzadi

Osteguna, 2020eko uztailaren 23a — CEST

Irakurketa: 4 minutu



Onartutako jarduerak Kultura Eskolaren katalogoan sartuko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarriko dira. Foru Aldundiak, artearen eta kulturaren beste arlo batzuetako proposamenekin batera, Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeei eta interesa duten beste erakunde batzuei eskainiko dizkie.

Ikastetxeek egokienak iruditzen zaizkien jarduerak aukeratu eta eskatu ahal izango dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen duen eta katalogoarekin batera ezagutaraziko den erregelamenduaren baldintzapean.

Katalogorako hautatuak izateak ez du bermatzen jarduerak gauzatuko direnik, ikastetxeen interesaren araberakoa izango baita.

Hautatutako jarduerak bi ikasturtez egon ahal izango dira katalogoan; denbora hori igarotakoan, berrikusi egingo da, eta denbora horretan ekitaldirik lortu ez duten jarduerak automatikoki katalogotik kanpo geratuko dira. Egileek ere erretiratu ahal izango dituzte proposamenak, baldin eta ikastetxeekin bete gabeko konpromisorik ez badute.

Aurrerantzean, proposamen berriak aurkezteko epe berriak irekiko dira urtean behin edo bitan. Deialdiaren oinarriak programaren ebaluazioaren arabera aldatu ahal izango dira.

Nork aurkeztu ditzake proposamenak:


Gipuzkoan egoitza duten ondare alorreko pertsona fisikoek, irabazi asmorik gabeko elkarteek eta enpresek- gehienez bi jarduera desberdin proposatuz.

Ezin izango dira aurkeztu Kultura zuzendaritzak beste ildo batzuetatik finantzatutako kultur guneen eta museo-zentroen ohiko dinamiken barruan planteatzen diren ekimenak.

Eskaerak aurkezteko modua, lekua eta epea:


Proposamenak, pertsona edo erakunde interesdunei emango zaien eskabide-ereduaren arabera, 2020ko irailaren 15a arte bidali ahal izango dira helbide elektroniko honetara:

idazkaritza@aranzadi.eus

Interesatuek, edozein argibide behar izanez gero, helbide honetara jo dezakete: Aranzadi Zientzia Elkartea (Zorroagagaina 11 – 20014 Donostia). 943466142 edo,

Gipuzkoako Foru Aldundiaren K-Bulegora: 943 113343 telefonora deituz edo kbulegoa@gipuzkoa.eus emailera idatziz.

Proposamenek bete beharreko baldintzak:


Esparrua:

    • Deialdi hontako jarduerak dantzaren alorrekoak izango dira. (Beste alor batzuetarako, jakin araziko diren beste entitate kolaboratzaileetara jo beharko da)



Nori eskainiak:

    • Proposamenak pedagogikoki Bigarren hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzako egokiak izango dira, hau da, 12-16 urte bitarteko gazteentzat, eta eskolan landu ahal izateko prestatuak izango dira eta ikasleen partaidetza aktiboa bultzatuko dute.

    • Genero-berdintasuna bermatuko dute, bai edukietan, bai helburu dituzten ikasleengan.

    • Inklusiboak izango dira; horretarako, adimen eta gaitasun mota guztiak hartuko dituzte kontuan (adimen motora, musikala, bisuala, logikoa…).



Jardueren beste ezaugarri batzuk:

    • Jardueraren hizkuntza nagusia euskara izango da, baina positiboki baloratuko da beste hizkuntza batzuk erabiltzea.

    • Jarduerak eskola-orduetan egin beharko dira, gutxieneko ordubete eta gehieneko 15 ordu bitartean, ikasturtean zehar.

    • Ikastetxean bertan egingo dira, baina eskolen baliabideen arabera beharrezkoa balitz beste gune batzuetan ere egin ahal izango dira, hala nola antzokietan, museoetan, kultur etxeetan eta antzekoetan.

    • Jardueraren aurrekontuari dagokionez, aurrekontu-unitate gisa ezarriko da proposamena egiteko kostua ikasle-talde bakoitzarentzat, horretarako behar dituen ordu guztiak barne (ordubete eta 15 ordu artean). Unitate horren kostua ez da inola ere 3.000 eurotik gorakoa izango (BEZ aparte).



Hautatzeko irizpideak:


Aranzadik jarduera proposamenak aztertu eta baloratuko ditu, horretarako beharrezko diren espezializatutako aholkularien iritziak jasoz, irizpide hauen arabera:

    • Arlo artistiko-kulturalari dagokionez, ikuspegi kualitatibo batetik, kalitatezkoa izatea; horretarako kontuan izango dira jardueraren alor bakoitzaren arabera aplikagarriak zaizkion irizpideak: Ondarearen alorrari dagokionez, ikuspegi kualitatibo batetik, kalitatezkoa izatea; horretarako kontuan izango dira jardueraren alor bakoitzaren arabera aplikagarriak zaizkion irizpideak ondare alorrean, alor etnografikoan, historia eta ondare kulturalaren babes eta kontserbazioan,, edo dagozkionak. 0-20 puntu.

    • Arlo pedagogikoari dagokionez, ikuspegi kualitatibo batetik bere egokitasuna baloratuko da, kontuan izanik helburu dituen gazteentzat egokia izatea, gizarte balioak lantzeko aproposa izatea (inklusioa, generoa, aniztasuna…), erabilitako metodologiak, indarrean dagoen arloetako curriculumarekin lotura, ikastetxean izan dezakeen eragina ikaskuntza esperientzia berri gisa eta antzekoak. 0-20 puntu.

    • Proposamenaren egileen eta parte hartzaileen ibilbide profesionala. 0-10 puntu.

    • Jarduerek, antolatzeko berezkoa duten egokitasuna eta erraztasuna (lekua, iraupena, garraio beharrak, ikastetxeak jarri beharko lituzkeen baliabideak), gauzatzeko erraza izatea hobetsiko delarik. 0-10 puntu

    • Aurrekontuaren bideragarritasuna eta eskalagarritasuna, helburua ahalik eta ikastetxe gehienera iristea denez, emanaldi bakoitzaren prezioa arrazoizkoa izatea balioetsiko da. 0-20 puntu.



Jardueren onarpena


Jarduera bakoitzak gutxienez irizpide bakoitzari dagozkion puntuen erdia lortu beharko du onartua izateko; hau da, ez dira onartuko irizpide guztietan puntuen erdia lortzen ez duten jarduerak.