Munibe Antropologia-Arkeologiaren 65. liburukia argitaratu da

Aranzadi

Ostirala, 2015eko otsailaren 13a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

65. liburukia jada argitaratu da, 2014 urteari dagokiona. Aldizkaria online kontsultatu daiteke esteka honetan.

2014ko aleari buruzko editore nagusiaren kronika

2014an, gure aldizkariko erredakzioak hogeita hiru eskuizkribu sortu ditu gero aztertu ahal izateko. Horietatik, lau baztertu egin dituzte metodologiarekin edo formatuarekin lotutako gaiak direla eta (kasu bakarrean, artikulua ez zelako jatorrizkoa). Beste artikulu bat ezin izan zen garaiz ebaluatu; izan ere, Munibe Antropologia-Arkeologia aldizkariko edukiei dagokienez, nahiko gai ezohikoa zen. Gainerako hemezortzi artikuluak aldizkariko ale honetan argitaratu ditugu.

Jatorrizko artikulu horietako bakoitza, gutxienez, kanpoko bi aztertzailek eta artikulu bakoitzaren editore gonbidatu eta alderdi formalenen gainbegiratzaile gisa jarduten duen Batzorde Zientifikoko kideak berrikusi dute. Artikulu horietako bakarra argitaratu dugu aurkeztu zuten moduan. Beste bostek, ordea, aldaketa handiak izan dituzte eta gainerako hamabiek, aldiz, aldaketa txikiagoak. Korrespondentziaren egileak sinatutako hartuagiria jaso izanaren eta berrikusleek txostena igorri izanaren arteko batez besteko epea hamabi aste ingurukoa da. Dena den, epe hori oso aldakorra izaten da artikuluaren luzeraren edo gaiaren moduko faktore ugarien arabera.

Erabilitako berrikusketa-sistema, beste behin, itsu bikunekoa izanda. Horren bidez, egileek ezin dute jakin zein den berrikusleen nortasuna eta berrikusleek ere ezin dute jakin zein den ebaluatutako eskuizkribuen egileen nortasuna. Hori dela eta, ahal den neurrian, egileen inguruko edozein aztarna ebaluatzaile izango direnei ezkutatu ahal izateko eskuizkribu bakoitza editatu behar izan dugu: Egileen erreferentziak, deiak testuan (diskurtsoa ez hausteko, “Autoaipua” esamoldearekin ordezkatu dituzte), esker onak eta aipu bibliografikoak. Eragile guztiei (gonbidatutako editoreak, kanpoko berrikusleak eta egileak) eman zaie idatzizko informazioa garatu beharreko ebaluazio-mekanismoen inguruan. Gainera, prozesuaren fase bakoitzerako jarraibide zehatzak prestatu dituzte, ebaluatzaileen argibideen inguruko gutxi gorabeherako txantiloia barne. Ahal den neurrian, eragile guztien arteko harremanak bide elektroniko bidez bizkortu dira nahiz eta egile bakoitzak bere jatorrizko dokumentuaren hartu-agiria sinatu duen artikulu bakoitzaren goiburuan data kontsignatuta eta hemen zehaztutako protokoloa onartuta.

Munibe Antropologia-Arkologia aldizkariko Batzorde Zientifikoa urtarrilaren 31n bildu zen Gipuzkoako

Aldundiko jauregian eta aldizkaria SCOPUS nazioarteko indizean sartu behar zela aurkezteko helburuarekin egindako prentsaurrekoaren baitan. Bertaratutako guztiek aho batez aipatu zuten ingelesari arreta berezia eman beharko litzaiokeela etorkizunean abstract izenekoak idazteko moduan zein artikulu guztietan hizkuntza horretan idatzitako testu kantitate handiagoa gehitzeko aukerari dagokionez. Horrez gain, 500 hitz inguruko laburpen luzea gehitu beharko litzateke dokumentu bakoitzaren hasieran. Argazki-oinak eta eskuizkribuen taulak ingelesez eta artikulua idazteko erabilitako hizkuntzan idatziko zirela adostu zuten. Bilera horretan, gainera, aldizkariko aipuen bolumena ezagutzea ahalbidetuko duen gailu zientziometrikoa aurkeztu zuten. Gainera, inpaktu-indizea ere kalkulatzen du (Google Scholar aplikazioaren bidez). Horri esker, badakigu 1988. urtetik testu hau idatzi dugun unera arte (2014ko abenduak 29), Munibe Antropologia-Arkeologia aldizkariko artikuluak (1983. urtetik) 2.331 aldiz aipatu dituztela. Kopuru horretatik, 1.238 aldiz aipatu dituzte 2009. urtetik (beste nolabait esanda, aipuen kopurua hazten ari da). Aldizkariaren inpaktu-faktorea, azken bost urteotan, editatutako artikulu bakoitzeko 1,605 aipukoa izan da.

Gainera, bigarren urtez jarraian, Munibe Antropologia-Arkeologiak urtean bi ale izan ditu. Uztailean, formatu digitalean modu esklusiboan (online first), ordura arte ebaluatutako eta zuzendutako artikuluak argitaratu genituen. Horren ondorioz, ordura arte ezarritako blokeo-aldia desagertu egin zen modu automatikoan. Une horretatik aurrera, urtearen amaierara arte, aldizkariaren paperezko edizioan argitaratu ahal izateko onartutako edukiak gehitzen joan gara.

Abenduan argitaratu dugu aldizkariaren bigarren alea, bai bertsio digitalean, bai paperean, eta bigarren argitaratze horretan bilduko dira bi aleetako artikuluak. Argitaratzeen araubide hau ezarrita, besteak beste, desagertu egingo dira artikuluak ebaluatzera aurkezteko epeak eta hemendik aurrera, epe hori beti zabalik egongo da. Bistakoa denez, aldaketa horien helburua gure aldizkarian argitaratutako edukiei hedapen handiagoa ematea da eta, bereziki, nazioartean. Aldizkariaren webgunea aldatu izanak ere (urtebete beteko du orain) Munibe Antropologia-Arkeologian editatutako edukiei ikusgarritasun handiagoa eta aipu kopuru handiagoa eman beharko lieke.

Álvaro Arrizabalaga