“Revisión sobre el patrimonio natural de la montaña de Jaizkibel” Munibe Monografikoa aurkeztu da

Aranzadi

Osteguna, 2015eko apirilaren 16a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako, Lezoko eta Hondarribiko udalek Jaizkibel kontserbatzeko eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko konpromisoa gauzatu dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen “Revisión sobre el patrimonio natural de la montaña de Jaizkibel” monografikoaren publikazioan lagundu dute eta.

Lan zientifikoa Aranzadiko egoitzan aurkeztu dute gaur Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen zuzendariak, Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak eta Juan Arizaga Aranzadiko ornitologo eta liburuaren editoreak.

Iraolak Jaizkibel babestu behar dela nabarmendu du: ”Itsas erreserba bat egitea erabat premiazkoa da, baldin eta ingurumen ondarea gorde nahi badugu. Dei hori egin nahi nieke Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Ingurumen Ministerioari eta Europako Batzordeari. Horrek, gainera, Donostia eta Miarritze artean babestutako 300 kilometro karratuko itsas korridore bat egiteko aukera emango liguke. Datu bat jarriko dut mahai gainean: Lapurdin, kostaldeko zazpi eremu dituzte babespean; Gipuzkoan, aldiz, bakarra: Zumaia eta Deba artekoa. Argi dago, beraz, badugula zer egina gure kostaldea babesteko bidean”.

Zabaloren hitzetan “bi urte eta erdi hauetan Aranzadiko ikertzaileek izugarrizko lana egin dute, eta Jaizkibel balioan jartzeagatik lan horren aitortza publikoa egitea tokatzen zaigu. Lezoko Udalean ondare naturalak eta kulturalak zaindu, indartu eta balioan jarri behar ditugula sinesten dugu.” Izan ere, horren adibide dira Aranzadirekin batera Lezoko udalak herriko anfibio eta narrasti espezien populazioaren egoera hobetzeko elkarlanean gauzatzen ari den egitasmoa edo-eta Baratza parkean anfibioentzat egokitu den putzua.

Jaizkibel babestearekin Agirregabiria bat dator eta “Pasaiako Udalak etorkizunean halako egitasmoak sustatzen jarraituko duela” aitortu du, lan zientifikoa txalotu duen heinean.

Agirre Mauleonek gainera, “gizarte aurreratuen zutabe nagusietako bat zientzilarien ezagutza partekatua eta zorrotza dela” nabarmendu du, hura gabe ezin baitira “gure ingurune naturala kontserbatzeko eta garapen iraunkorreko politikak abian jarri”.

Sinposioaren ondorioak abiapuntu

2012ko azaroaren 23 eta 24an Jaizkibel, natura eta kultura ondarerako denbora-kapsula" sinposioa burutu zen Lezon. Topaketaren helburua mendi esanguratsu horretako natura- eta kultura-ondarearen balioari buruzko ezagutza zientifikoa aurkeztea zen. Argitaratu berri den monografia hau topaketa haren emaitza da eta kapitulu bakoitzak ondare hori osatzen duten elementu ugarien inguruko inbentarioa jasotzen du: azaleratutako zatiaren (lurrekoa) zein urpeko (itsasoko) izaera geologikoko edo biologikoko alderdiak.

Lehenengo aldiz, Jaizkibel mendiko natur ondareari buruzko ezagutza zientifiko guztia biltzen du ondorioz. “Monografia ikerketa gehiago bultzatzeko baliagarria izango dela espero dut. Izan ere, ikerketa horiek beharrezkoak dira oraindik ezagutzaren inguruan dauden hutsune ugariak betetzeko” azpimarratu du Arizagak, Foru Aldundia eta hiru udalerrien inplikazio eskertu duelarik.

Argitalpena gure online katologoan dago eskuragarri.