Oianguko habikutxen jarraipena egingo da igandean hilak 26

Ornitologia

Ostirala, 2015eko apirilaren 17a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Oianguren Parkeko ezagutza eta naturaren sentsibilizazioa sustatzeko iaz abiatutako lankidetzaren barruan, Oianguko habia-kutxen jarraipena eta hegaztiei eraztuna ipintzeko saioa antolatu dute hilaren 26rako. Deialdia irekia da, eta interesa duen edonork har dezake parte. Oianguko baserrian elkartuko dira parte hartzaileak, 09:00etan.

Saio honen helburua iadanik Oiangun dauden habi-kutxetan habiak dauden ikusi eta txorikumerik egonez gero tokian bertan horiek ikusteko aukera izatea da. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko begiraleekin batera kutxak banan-banan aztertuko dira, habiak suertatuz gero beharrezko azalpenak emanez eta bide batez txorikumeak eraztunduz.

Habia-kutxak aztertzeaz gain, goiz berean txorien eraztuntze zientifikoa egingo da. Horretarako txoriak harrapatzeko sarea ipiniko da eta bertara eroritako txoriei eraztuna ipiniko zaie. Eraztuntze lan hauek behar beharrezkoak dira ornitologoentzako hegaztien migrazioen inguruko ikerketak egiteko garaian. Prozesu honetan, eraztundutako txoriak gertutik ikusi eta ezagutzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek.

Hauek dira saioaren xehetasunak:
-Antolatzaileak: Ordiziako Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea.
-Lekua eta ordua: Oiangu Parkean 09:00etan (Oianguko baserrian).
-Eguna: Apirilak 26, Igandea.

Oharrak:
-Deialdia irekia da, interesatua dagoen edonor joan ahal izango da.
-Ez da beharrezkoa izena ematea.
-Eraztuna ipintzeko saioa goizean goiz egitea beharrezkoa da, izan ere txoriak lehen orduetan mugitzen dira gehien eta orduan izango da sareetan erortzeko aukera handiena dagoen momentua.