Ondarebideak proiektuak Donostian eta Pasaian bi ibilbide kultural eskainiko ditu
Aranzadi
Ostirala, 2016eko azaroaren 18a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Donostia 2016k, Europako Kulturaren Hiriburuak, Ondarebideak izeneko plataforma digital berria jarri zuen abian duela bi hilabete. Elhuyarrek, Euskomediak eta EHUko informatika-fakultateko Ixa Taldeak garatu duten webgunearen helburua Euskadiko kultur ondarea hedatzen laguntzea da eta, gaur egun, webguneak 425.000 item baino gehiago eta 30 ibilbide inguru biltzen ditu. Klik bakarrarekin, gordailu horretan jasota dagoen kultur ondarearekin lotutako zirkuitu digital tematikoak egin daitezke.
Kultur aberastasun horri bizitza emateko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektuarekin bat egin eta Donostian eta Pasaian gai horretan adituak direnekin egingo diren bi zirkuitu tematiko fisiko proposatu ditu: "Donostiako lehen biztanleak" eta "Jesus Eloseguiren begirada".
Bi zirkuituak bi hizkuntzetan egingo dira eta bi deialdi izango dituzte: ikastetxeei zuzendutako bat, eta oro har jendeari bideratutako beste bat. Horietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da idazkaritza@aranzadi.eus helbidean izena ematea edo 943466142 telefono-zenbakira deitzea.
Donostiako lehen biztanleak. Paseoa Ametzagainan eta famientzako tailerra
Donostian bizi izan ziren lehen gizakiek Ametzagainako mendi-muinoa aukeratu zuten bertan finkatzeko. Parke horretan aurkitu dituzte Goi Paleolito garaiko harrian landutako lanabesen aztarnak. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek bertaratzen direnak Ametzagaina parkean gidatuko dituzte Historiaurreko ohiturak, lanabesak eta eguneroko bizitza ezagut ditzaten. Paseo hori Jexux Tapia eta Manu Ceberio arkeologikekin batera egingo da. Biak adituak dira Historiaurrean. Ondoren, familiei zuzendutako tailerra egingo dugu. Bertan, Historiaurrean silexa nola lantzen zuten edo orduan erabiltzen zituzten suaren teknikak ikasiko ditugu.
Ibilbideak bi deialdi publiko ditu. Lehenengoa azaroaren 25ean izango da eta ikastetxeei zuzenduta egongo da (8-12 urte). Azaroaren 26an, aldiz, parte hartu nahi duten guztiei zuzendutako deialdia egingo da. Biak 10:30ean abiatuko dira Garberako autobus geltokitik, eta 2 orduko iraupena izango dute.
Jesus Eloseguiren begirada. Paseoa Pasaian
Jesus Elosegui, argazkilaria. Gipuzkoako paisaiak dokumentatu zituen argazkigintzaren bidez. 15.000 irudi baino gehiago daude bere funtsetan gordeta. Tolosan jaio zen arren, 1940-1960 artean Pasaian bizi izan zen. Udalerrian 500 argazki baino gehiago egin zituen. Haiek guztiak daude ikusgai Ondarebideak plataforman. Zirkuitu honetan, bere begirada oinarritzat hartuta, paseoa egin eta azken hamarkadotan paisaiak izan duen aldaketari buruzko gogoeta egingo da QR kodeen laguntzarekin. Hala, 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetara atzera egin ahal izango dugu. Paseoa Fermin Leizaola etnografoak eta Eneko Sanz historialariak zuzenduko dute. Biak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak dira.
Abenduaren 2an, ibilbidea ikastetxeei zuzenduta egongo da (12 urtetik gorakoak) eta abenduaren 3an, aldiz, herritar guztientzat egongo da irekita. 10:30ean abiatuko da Pasai San Pedroko elizatik eta 2 orduko iraupena izango du.
Argazkia: Jesús Elósegui-Aranzadi funtsa
Ondarebideak_Aranzadi