Ornitho-euskadi lehiaketak saria emango die hegaztien behaketarekin laguntzen duten pertsonei
Asteazkena, 2017eko urriaren 4a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
- Parte-hartzaileek datorren urteko abuztuaren 31ra arte bidali ahal izango dituzte egindako behaketen zerrendak.
- Saria Aranzadi Zientzia Elkarteak, Atariak, Basquetourrek, Geoparkeak, Ekoetxea Urdaibaik eta Ekoetxea Txingudik sortu dute.
- Lehiaketaren helburua da hegaztien mundua behatzearekin eta zabaltzearekin lotutako lanetan herritarrak partaide bihurtzea.
Ornitho-Euskadi saria asteburu honetan jarri da martxan eta haren helburua da behaketaren bidez hegaztien mundua behatzearekin eta zabaltzearekin lotutako lanetan herritarrak partaide bihurtzea. Hegaztien behaketaren zerrenda osoak www.ornitho.eus webgunera bidali behar dira (webgune bidez, edo mugikorretarako NaturaList aplikazioaren bidez). Behaketak Euskadiko edozein puntutan egin daitezke, Trebiñuko Konderrian eta Villaverde Turtziozen barne, eta 30 minutuko iraupena izan behar dute gutxienez.
Lehiaketa urriaren 1ean hasiko da, Hegaztien Munduko Egunarekin bat etorriz, eta honako erakunde hauen arteko lankidetzan sortu da: Urdaibaiko eta Txingudiko Ekoetxeak, Ataria zentroa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Urdaibai Bird Ciencias Aranzadi, Urdaibai Bird Center, Basquetour, Birding Euskadi eta Geoparkea. Gure hegaztien behaketarako eta ingurumen-hezkuntzako herritarren zientzia-proiektu berri honetan, datorren urteko abuztuaren 31ra arte sar daitezke behaketen zerrenda osoak.
Ornitho-Euskadi sariketa herritarrentzat zabalik dago. Parte-hartzaileek ornitho.eus plataforma erabili behar dute eta “Zerrenda osoak” sartu behar dituzte. “Zerrenda osoak” dira behatzaile batek denbora tarte batean eta leku jakin batean ikusten edo entzuten dituen espezie guztiak jasotzen dituen zerrendak. Lehiaketan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Horretarako, posta elektroniko bat bidali behar da ornitho@aranzadi.eus helbidera, parte hartu nahi dela esanez eta www.ornitho.eus webgunean erabili beharreko erabiltzaile-izena (emaila) adieraziz. Erakundeak berreste-mezu batekin erantzungo du. Izen-emate epea 2017ko urriaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra arte izango da.
Saria
Saria swarovski markako prismatiko/teleskopio bat izango da, eta zozketa bidez emango da. Beraz, erabiltzaile bakoitzak “Zerrenda osoak” sartu dituen egunak adina aukera izango ditu beraz; “Zerrenda oso” gehien sortu dituenak izango du abantaila. Zozketa 2018ko irailaren 14an, ostiralean, egingo da, 14:00etan. Saria emateko lekua oraindik erabaki gabe dago.
Antolakuntzak webgune bat egokituko du parte-hartzaileek lehiaketaren jarraipen bat egin dezaten (rankingak eta abar)
Erakunde antolatzaileak
Txingudiko eta Urdaibaiko Ekoetxeak, babestutako Natura 2000 espazio natural banatan egonik eta Urdaibairen kasuan Biosferaren Erreserba izanik, Eusko Jaurlaritzaren Iraunkortasunerako Hezkuntzako ekipamenduen Sarekoak dira.
Ataria Salburuako hezeguneen Interpretazio Zentroa da, hori ere Natura 2000 espazio batean dago eta Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (CEA) mendekoa da.
Urdaibai Bird Center Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatutako zentroa da, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako eta hegaztien eta haien habitataren dibulgaziorako eta ingurumen-hezkuntzarako.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriek osatzen dute. 2010etik Geoparkeen Europako eta Munduko Sareko kidea da eta orain gutxi UNESCOren Munduko Geoparke izendatu dute.
Basquetour Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erakunde publikoa da, 2006an sortu zen euskal turismoaren lehiakortasunaren estrategia sustatzeko eta inplementatzeko. Birding Euskadi haren produktuetako bat da.
Aranzadi Zientzia Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, ondare natural eta kulturala ikertzera eta hura zabaltzera bideratuta dago. Erakunde hori da www.ornitho.eus atariaren arduraduna, faunaren aipamenak jasotzera bideratutako herritarren zientzia-ataria, Euskadiko garrantzitsuena eremu horretan, eta Europa osoan ezarpen oso handia duena.
www.ornitho.eus plataforma Interneteko ataria da; horren helburua da Euskadiko faunaren aipamenak biltzea, zabaltzea eta kontsulta egitea. 2015ean inauguratuta, gaur egun, eta urtean 100.000 behaketa baino gehiagoko erregistroarekin, www.ornitho.eus da lurraldeko erreferentziazko ataria bere eremuan. Atari horretako informazioa, gainera, Eusko Jaurlaritzako Naturaren Informazio Sistemari lotuta dago eta Jaurlaritzaren, aldundien eta proiektuan laguntzen duten erakunde ugarien babesa du.
Argazkia: Juan Arizaga