Oroimen historikoa lantzen duen nazioarteko gazte auzolandegia Lemoako trintxeretan ari da lanean

Aranzadi

Asteazkena, 2017eko abuztuaren 2a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Atzo goizean mendian prentsaurrekoa eskaini zen gazteek gerra zibila garaiko trintxerak induskatzen zituzten bitartean. Aurkezpenean Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak, Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak eta Mikel Diego historialariak parte hartu zuten. Hauekin batera Julien Blanco eta Alba Nuñez arkeologo gazteek azalpenak eman zituzten, monitore lanetan baitabiltza.

1937an Lemoatx izeneko mendian gatazka handienetako bat gauzatu zen eta bertan Eusko Jaurlaritzako gudariek lubakiak eraiki zituzten matxinatu frankistei aurre egin ahal izateko. Auzolandegi honen helburua defentsa sistema horien ezaugarriak arkeologikoki dokumentatzea eta azaltzen diren garai hartako aztarnak biltzea da.