Tolosako bigarren hezkuntzako ikasleek Gerra Zibilean errepresaliatutako emakumeek jasandako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte Kultura Eskola programari esker

Aranzadi / Oroimen historikoa

Ostirala, 2021eko maiatzaren 7a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Kasu honetan, tailer didaktiko hauen leitmotiva Gerra Zibila eta haren ondorioak bizi izan zituzten pertsonen (batez ere emakumeak) bizitza erreala da. Protagonisten dokumentazio pertsonala, ofiziala eta historikoa oinarritzat hartuta, ikasleek emakume haiek jasandako giza eskubideen urraketak ikertu beharko dituzte. Preso politikoen, judizioz kanpo exekutatutako pertsonen, epaiketa sumarisimo baten ondoren exekutatutako, langileen batailoian egondako pertsonen edo tratu txarrak eta umilazioak jasan zituzten emakumeen aztarnari segika ibili beharko dute programan parte hartuko duten ikasleek.

Artxiboak, dokumentuak, gutunak, elkarrizketak eta abarrak oinarritzat hartuta, pertsona haietako bakoitzari buruzko txosten ofiziala idazteko, beren ikerketetatik lortutako datuak aurkezteko eta giza eskubideen urraketari eta etorkizunari buruz gogoeta enpatikoarekin amaitzeko gai izan beharko dute ikasleek.

Aranzadiko historialariak izango dituzte beren ikerlanetan gazteek gidari eta kasu bakoitza bere testuinguru historikoaren arabera kokatzen lagunduko diete.

Maiatzean eta ekainean, Tolosako Orixe BHI, Errenteriako Bizarain (BHI) eta Elgoibar Ikastola (HLBHIP) ikastetxeek hartuko dute parte programan.

KULTURA ESKOLA

Kultura Eskola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak bultzatu duen eta asmo handiak dituen programa da. Horren helburu nagusia da 12 eta 16 urte arteko gazteak garatzen doazen zaletasunen eta interesen baitan jarduera kultural eta artistikoa kokatzea, sentsibilitate eta irizpide artistikoa sortzea eta ikuspegi kritikoa garatzen laguntzea.