Txoriak Egitasmoa: tabakoa saltzeko makinak kabi-kutxetan bihurtuz

Ornitologia

Asteazkena, 2016eko apirilaren 13a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Egitasmoa Cristina Enea Fundazioak diseinatu du, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Kursaal Green-ekin elkarlanean, eta gaur eguerdian aurkeztu da prentsaurrean, Donostiako Udaletxean.

Txoriak Egitasmoa: tabakoa saltzeko makinak kabi-kutxetan bihurtuz

Egitasmoa bitxia aurkeztu da gaur goizean Donostiako Udaletxean, “Txoriak” izenekoa. Bere bitartez berrerabilera, bioeraikuntza, heziketa eta bioaniztasuna bezalako kontzeptuak landu nahi dira, hori guztia oso bereziak diren kabi-kutxa batzuekin. Kabi-kutxa horien jatorria tabakoa saltzeko makinetan dago, behin bere jatorrizko funtzioa desgaituta, erabilera berri honetarako egokituak izan baitira.

Kabi-kutxen bilakaera
Makinak kabi-kutxetan bilakatzeko adituek gainbegiratu duten prozedura bat beharrezkoa da, eta eraldaketa horrek bermatu behar ditu kabi-kutxa horietan habia egiten duten txori eta hegaztien bizigarritasun baldintzen egokitasuna.

Tabakoa saltzeko makina barruko mekanika hustutzearekin ekiten zaio eraldaketa-prozesu horri. Behin hustuta, hegaztiak bertara sartzeko eta handik ateratzeko pieza zilindriko batez estaltzen da erdiko zuloa. Goiko aldea inklinazio txiki batekin egokitzen da, euri-ura beherantz eror dadin. Eraldaketa lan guztia bioeraikuntzako materialekin egiten da eta eguratsari aurre egiteko berniz naturalekin landu.

Kabi-kutxak egiteko erabiltzen diren kutxak, estanko eta antzeko saltokietan purutxoak aleka saltzeko aukera eskainiko zuen egitasmo batetik datoz. Azkenean egitasmoak ez zuen aurrera egin eta dozenaka makina erabilerarik gabe gelditu ziren. Orain ingurumen-egitasmo bati lotuta, erabilera berria eman nahi zaie.

Bioaniztasuna behatzeko kanpaina ikastetxeetan
“Txoriak” izeneko egitasmo honek Gipuzkoako ikasleen artean berrerabilera, heziketa, bioeraikuntza eta behaketaren bidezko naturaren zaintza bezalako kontzeptuak sustatu nahi ditu. Horretarako, kanpainan parte hartzeko epea irekitzen zaie interesa duten ikastetxeei.

Parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak, beren eraikin inguruetan kokatzeko kabi-kutxa bat jasoko du. Behin kokatuta, bertan habia egiteko hegaztiak iristeko zain egon beharko dute ikasleek. Horretarako Cristina Enea Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin, material didaktikoa landu du. Material hori eskuragarri dago dagoeneko www.txoriak.com webgunean, eta edonork deskarga dezake. Materialak honako informazio dauka:

  • - Kabi-kutxetan habia egin dezaketen txori eta hegazti espezieak bereizteko kartela.
  • - Kabi-kutxa kokatzeko eta zaintzeko aholkuak dituen dokumentua.
  • - Txori eta hegaztiek kabi-kutxan habia egin ondoren ikasleek egin beharreko jarraipenerako fitxa.

Era berean Ulia Interpretazio Zentroan “Zure buruaren gainetik” izeneko tailer didaktikoak eskainiko dira, ikasleek gertuko hegazti arruntenak eta beren bizilekuen ezaugarri interesgarrienak ikas ditzaten. Hegaztiak bereizten ikasiko dute, bai eta material didaktiko osagarria eskuratu ere.

Aranzadiko adituen arabera kabi-kutxa hauetan habia egin dezaketen hegaztiak zozoa, txantxangorria, enara edota kardamirua bezalako txori txikiak dira, besteak beste.

Prozesu guztia ikusteko webgune bat
Ikasleek beren kabi-kutxen jarraipena egitasmoaren webgunetik bertatik egin dezakete, non jarraipen-lan guztia islatuko duten, bai eta gainontzeko ikasle eta partehartzaileekin informazio hori partekatu ere. Webgunean, www.txoriak.com helbidearekin, gorago zehaztutako dokumentazio guztia biltzen du, baina kabi-kutxak geolokalizatuak ere aurkituko ditu erabiltzaileak, uneoro non dauden kokatuak jakiteko. Ikastetxe bakoitzak gune bat izango du webgunean, non albiste edo post gisa habiratze prozesua nola garatzen ari den komentatzeko eta elkarbanatzeko aukera izango duen.

Herritarren partehartzeari irekita
Egitasmoa irekita dago baita ere parte hartu nahi duten enpresa eta erakundeentzat. Horretarako, kabi-kutxen aitabitxi edo amabitxi izateko aukera eskainiko zaie. Modu horretan, orotara 80 makina kabi-kutxatan bilakatzea da helburua.

Parte hartzeko edota informazio gehiago eskuratzeko: www.txoriak.com edo 943453526 (Cristina Enea Fundazioa).