Urdaibai Bird Center-ek doako bisitak eskainiko ditu Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Aranzadi
Osteguna, 2015eko otsailaren 5a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Mundu-mailan aldi berean ospatzen den egun honen helburua hezeguneen ezaguera, ikerketa eta gozamenean aritzea da eta Bizkaiko hezeguneek betetzen duten funtzio estrategikoa ezagutarazi nahi da. Izan ere, gizadiaren etorkizuna hein handi batetan ekosistema hauetan oinarritzen da.
Adibide modura, ekosistema honek ur edangarriz hornitzen gaitu eta akuiferoak betetzeko ezinbestekoak dira. Gainera, mundu-mailan miloika pertsonarentzako elikadura ekoizteko lekuak dira: arroza, arrainak etab.; honez gain, uholde eta lehorteetatik babesten gaituzten inguruneak dira, kostaldea itsasoaren maila igoperatik eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezinbestekoak baitira. Hori gutxi balitz, Europako hegaztien ugalketarako eta negu-paserako eremu garrantzitsuak dira.
Egunak berak gure hezegunetan Europako hegaztien negu-pasaren gorenarekin bat egiten du; hori dela eta, urteko sasoirik hotzenetan ehunka hegaztik negua pasatzeko eremu modura hartzen ditu Gautegiz Arteagako padurak. Hegazti kopuru finkoa mantenduz, Europako iparraldean eta ekialdean sortzen diren hotz boladek nabarmen handitutako kopuruak hurbiltzen gaituzte, ikuskizun zoragarria bihurtuz. Behatu daitezken hegaztien artean aipatzekoak dira, besteak beste: mokozabala, kuliskak, hegaberak, lertxun hauskarak, martin arrantzaleak, uroiloak, txilinportak eta espezie askotako ahateak. Beste askoren artean, txori zezena eta lertxuntxo handia aipamen berezia merezi dute.
Beraz, otsailaren 8an Urdaibai Bird Center-ek, bisitaldiak eskainiko ditu goiz osoan zehar (audiogiden bitartez). Gerturatzen direnek zentroko begiratokira iristerakoan teknikoen laguntza jasoko dute espezieen identifikazioan laguntzeko, hezeguneen kudeaketa nola egiten den azaltzeko... Aktibitate guztiak doakoak izango dira egun horretan.
Bisita horietan alde batetik zentroaren ekipamendua, eta Oruetako paduretan dauden hegaztiak erakutsiko dira.
Bisita autogidatuez gain goizean zehar 10:00etatik 14:00etara zentrora hurbiltzen diren bisitariek eraztunketa zientifikoa nola egiten den ikusi ahalko dute zentroko teknikoen bitartez.
Informazioa gehiago: www.birdcenter.org.