Urdaibai Bird Center-ek Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna ospatuko du ekintza ezberdinak antolatuz

Ornitologia

Asteazkena, 2015eko maiatzaren 6a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aste guztian zehar ekitaldi desberdinak antolatu ditu Urdaibai Bird Center-ek. Datorren ostegunean, hilaren 7an, Aranzadik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin batera, sortu berri duen plataformaren aurkezpena burutuko da, www.ornitho.eus. Plataforma horrek herritarren parte hartzea baimenduko du, Euskal Autonomi Erkidegoan egin diren animalien behaketak kudeatuz, ondoren jendeari zabaldu ahal izateko.

Maiatzaren 9an ostera, hegaztien behaketarako hastapen ikastaroa habian jarri du Urdaibai Bird Center-ek. Kurtso horren bitartez apuntatu diren interesatuei hegaztien behaketarako oinarrizko ezaguerak eskainiko zaizkie, hala nola, ekologiari buruzkoak eta hegaztien biologia eta fenologiari buruzkoak. Aipatzekoa da ere, Urdaibaiko ingurune desberdinetan, udan eta udaberri garaian topa daitezkeen hegaztien kokapena eta identifikazioa burutzeko beharrezko jarraibideak emango direla.

Bestalde, igande honetan maiatzaren 10ean, Urdaibai Bird Center-ek Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna 2015 ospatuko du eta honen harira, ate irekietako eguna antolatu du, doako bisitaldi autogidatuak eskainiko dira eta eraztunketa zientifikoa erakusteko saio bat ere egongo da.

Egun honetan parte hartzen dutenek, nola zentrutik bertatik hala Gautegiz Arteagako paduretan kokaturiko behatokietatik, hegaztien behaketa saio paregabe batez gozatu ahal izango dute zeina hegazti askorentzat, Europa iparraldeko kumatze tokietarantz abiarazitako eztei-aurreko migrazio sasoiarekin batera emango den.

Egun hau ospatzeko aukeraturiko leloa: "Energy: make it bird-friendly" da. Honela, Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako egunak, energia modu arrazionalean erabilita hegazti migratzaileen kontserbazioa errazagoa izan daitekeela nabarmendu nahi da. Urdaibai Bird Center bezalako dibulgazio zentroa, urte honetako leloaren adibidea da zeina energetikoki eguzkitiko energiaz baliatzen den hein handi batean.

Igande honetarako maiatzak 10, antolaturiko ekintzen baitan, bisita autogidatuak noiznahi eskainiko dira. Goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte zabalik egongo da zentroa. Era berean, Aranzadi Zientzia elkarteak kudeaturiko Orueta behatokian bolondresak egongo dira hezeguneko hegaztien identifikazioan laguntzeko.