Urdaibai Bird Center-ek Mundu Mailako Hezeguneen aldeko eguna ospatuko du datorren otsailaren 4 an
Asteazkena, 2018eko urtarrilaren 31a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Egunak berak Gautegiz-Arteagako hezegunean Europako hegaztien negu-pasaren gorenarekin bat egiten du. Udazken bukaeran ipar Europako hotzetik ihesi etorri ziren eta oraindik ere hezegunean jarraitzen duten espezie asko behatuko dira. Eskandinabiako penintsulatik etorritako ahate txistulariak, Wadden itsasotik etorritako mokozabalak, limikoloak iparralde urrunetik, eta zorte on apur batekin behatzen horren zaila den zezen-txoria. Horrez gain, azken asteotan elano urdina behatzen ari gara hezegune inguruetan. Espezie hori eskualde semidesertikoetan bizi da, horregatik Urdaibai bezalako hezeguneetan behatzea ez da horren erraza.
Egun berezi hau ospatzeak garrantzi handia du gure inguruan ditugun hezeguneak babestu eta bertan aurkitzen diren bizidunak lasai bizi ahal izateko. Beharrezko eskualdeak dira hainbat eta hainbat animaliarentzat euren bizia bertan egiten baitute, esaterako, migrazioa burutzen duten hegaztientzat.
Urte honetako leloa “Hiri etorkizun jasangarriaren aldeko hezeguneak” da. Lelo horrek hirietan kokatzen diren hezeguneak zaintzea du helburu, izan ere, alde positibo asko ditu: uholdeak murriztu, edangarria den ur gehiago eduki, uren kalitatea hobetzea, hirietako airearen hobekuntza, giza ongizatea bermatzea eta bizitzeko bide gisa jardutea.
Egun berezi hau mundu osoan aldi berean ospatuko da. Hori dela eta elkarteak eta erakundeak egun horretaz baliatuko dira hezeguneak jendeari ezagutarazteko eta kontzientziazioa esparru lokaletik orokorrera lantzeko.
Testuinguru honetan, Urdaibai Bird Center goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara zabalik egongo da. Zentroaren ekipamenduaz gozatzeaz gain Gautegiz-Arteagako hezegunea eta bertako hegaztiak zuzenean behatzeko aukera izango du bisitariak.