URDAIBAI BIRD CENTERREK Mundu-mailako Hezeguneen aldeko eguna ospatuko du datorren igandean otsailaren 2-an

Ornitologia

Osteguna, 2020eko urtarrilaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Otsailaren 2an igandean, Nazioarteko Hezeguneen eguna ospatzen da eta Urdaibai Bird Centerrek ate irekien eguna ospatuko du Urdaibaiko txoko honetara hurbiltzen den bisitari guztientzat. Bisitak doakoak izango dira. Horretaz gain goizean zehar hegaztien eraztunketa zientifikoa nola egiten den ikusteko erakusketa bat egingo da, gure inguruko hegaztiak hobeto ezagutzeko asmoz, hori bai, beti ere eguraldiak laguntzen duen bitartean.

Urtero legez, egunak berak Europako hegaztien negu-pasaren gorenarekin bat egiten du Gautegiz-Arteagako hezegunean. Udazken bukaeran ipar Europako hotzetik ihesi etorri ziren eta oraindik ere paduran jarraitzen duten espezie asko behatu ahal izango dira.

Hainbat espezietako ahateak ikus daitezke paduran. Horiez gain, hegaberak, ubarroiak, lertxunak eta mokozabalak egunean zehar urmaeleko irlatxoetan ikus daitezke atseden hartzen.

Mokozabala

Arrano arrantzale bat ere egunetako protagonista da, eta sarritan ikusten dugu gure begi bistan arrantza saiakerak egiten, hain iheskorra den zezen-txoria lezka artean izkutatuta ikusteak itzelezko zirrara eragiten du.

pescadora

Eta nola ez. Ehunka txori txiki neguko janlekuetan elikatzen.

Egun berezi hau ospatzeak garrantzi handia du gure inguruan ditugun hezeguneak babestu eta bertan aurkitzen diren bizidunak lasai bizi ahal izateko. Beharrezko eskualdeak dira hainbat eta hainbat animaliarentzat euren bizia bertan egiten baitute, esaterako, migrazioa burutzen duten hegaztientzat.

2020. urte honetarako leloa "Hezeguneak eta biodibertsitatea" da. Egun honetan zehar hezeguneek duten garrantziaren mezua zabaldu eta partekatuko dugu, bai biodibertsitatearen eta klimaren ikuspegitik, ur edangarria eta elikagaiak lortzeko, eta nola ez aisialdiaren eta turismoaren alorrean.

Klima aldaketa gizadiarentzako eta planetarentzako gaur egun dagoen arazorik nagusienetarikoa izanik ere, hezeguneen mundu mailako egunean zehar hezeguneek klima-aldaketaren aurrean duten berebiziko garrantziari buruz ere arituko gara.

WWD20 PosterA1 SP

Egun berezi hau mundu osoan aldi berean ospatuko da. Hori dela eta elkarteak eta erakundeak egun horretaz baliatuko dira hezeguneak jendeari ezagutarazteko eta kontzientziazioa esparru lokaletik orokorrera lantzeko.

Testuinguru honetan, Urdaibai Bird Center goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara zabalik egongo da. Zentroaren ekipamenduaz gozatzeaz gain Gautegiz-Arteagako hezegunea eta bertako hegaztiak zuzenean behatzeko aukera ere izango du bisitariak., bertoko teknikarien laguntzaz.