Urnietak memoria historikoa berreskuratzeko proiektua jarriko du abian

Aranzadi

Astelehena, 2017eko urriaren 9a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Oraindik pertsona ugari dira Gerra Zibil eta Errepublika garaian herriak eta bereziki herritarrek bizitakoak ezagutzen ez dituztenak. Horregatik, Udalaren helburua da Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin gertakari bortitz haiek pairatu zituzten protagonisten historiari eta Urnietaren historiari ahotsa ematea.

Memoria historikoa lantzen

Herriko oroimen historikoa berreskuratzean oinarria duen proiektuak hainbat ekimen biltzen ditu: besteak beste, memoria historikoaren liburua, hitzaldiak eta informazioa bildu edota helarazteko Oroimenaren bulegoa.

Proiektuari hasiera emateko, urriaren 13an bertan zabalduko da udaleko artxiboan aipatutako Oroimenaren bulegoa. Azaroaren 3a bitarte egongo da martxan eta bertan urnietarrek 1936 eta 1945 urteen bitartean errepresaliak jasan zituzten edo kanporatuak izan ziren senide edo pertsonen inguruko informazioa eskuratu edo eman ahal izango dute, besteak beste. Horrez gain, Euskal Herriko agirietan Urnieta eta urnietarrei buruz dauden datu guztiak bildu eta ahozko testigantzen grabaketak ere egingo dira.

Arreta bulego hori ostiralero zabalduko da. Ordutegia hau izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ordutegiz kanpo beste edozein zalantza argitzeko herritarrek aukera izango dute esanz@aranzadi.eus edo oretegi@aranzadi.eus helbide elektronikoetara idazteko edo 943 466 142 telefonora deitzeko.

Gainera, Lekaio Kultur Etxean bi hitzaldi emango dira, arratsaldeko 19:00etan. Bat urriaren 20ean, Oscar Alvarez Gila historialariak Erbesteari buruz hitz egingo digu eta bestea urriaren 27an Eneko Sanz historialariak Errepresioaren inguruan arituko da.

Era berean, dagoeneko martxan da memoria historikoaren liburuaren idazketa ere. Prozesu horren baitan Aranzadik ikerketa eta dokumentazio lan sakona egingo du eta testigantzen historiaz baliatuko da, aipatu bezala, Urnietan gertatutakoen egia berreskuratu eta islatzeko.

Proiektu honen bitartez Udalak helburu du Urnieta eta urnietarren memoria historikoa berreskuratu, eguneratu eta ezagutzera ematea. “Memoria historikoaren inguruan hitz egiten dugunean gure iraganari egiten diogu erreferentzia, Urnietaren historiari eta horrekin batera baita gure arbasoek bizitako gertakari eta bizimoduari ere” adierazi du alkateak. “Guztioi dagokigu gure herriaren eta gure arbasoen memoria bizirik mantentzea eta Udalak, erakunde gisa, esfortzu berezia egingo du iragana gaurkotu eta gure herriaren historia egungo gizartera gerturatzeko” gehitu du Pagolak.

Halaber, Aranzadiko historialari eta proiektuaren arduradun Javi Bucesek “memoria historikoa metodologia inpartzial eta zientifikoa erabiliaz ikertzen dihardugu” adierazi du eta “gure iraganean gertatutako pasarte ilunenak zintzotasunez argitzen jarraituko dugu” ere azpimarratu du. Amaitzeko, Aranzadiren izenean erakunde publikoen ezinbesteko babesa txalotu eta betiere memoria historikoan baitan elkarrekin sakontzen jarraituko dutela gehitu du.