Urnietan 1936-1945 artean gauzatu zen errepresioa ezagutzera ematen duten liburuak aurkeztu dira

Aranzadi

Astelehena, 2020eko abenduaren 14a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Bada, gaur burutu da liburu horien aurkezpen ekitaldia Sarobe arte eszenikoen gunean Aukeran dantza konpainiaren koreografiekin girotuta. Bertan izan dira besteak beste, Jorge Segurado Urnietako alkatea, Mikel Pagola alkate ohia, Iraitz Arizabaleta liburuaren egilea, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre eta Javi Buces.

Urnietako alkateak aurkezpenean azaldu duenez, liburua Aranzadik egindako ikerketa-lan sakon baten emaitza da, eta, horrela, Udalak Urnietako eta urnietarren memoria historikoa berreskuratu, eguneratu eta ezagutarazteko helburua du, eta, aldi berean, gertatu zenaren egia zabaldu nahi du, mundu guztiak ezagutu dezan eta memoria kolektiboaren parte izan dadin. Horretaz gain, tokiko erakunde gisa, eta bere aukeren barruan, gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak eta ondorioak jasan zituztenei justizia egiten eta ordaina ematen saiatzeko asmoa duela adierazi du. Bere hitzaldian Seguradok zehaztu du urte oso gogorrak izan zirela eta gertaerak ez zirela 1945ean amaitu, baina indarkeriazko gertakari esanguratsuenak lehen garai horretan gertatu zirela.

Bestalde, garai hartan Urnietak ondo bereizitako bi gune zituela gogorarazi du. Alde batetik, gaur egungo hirigunea eta hirigunea inguratzen duten lau auzoetako baserriak (Goiburu, Lategi, Ergoien eta Oztaran), eta, bestetik, Oria auzoa eta Oztaran auzoaren mugakide zen landa-lur guztia. Oria Lasarte-Oriako udalerriaren zati da gaur egun, baina garai hartan Brunet ehungintzan oinarritzen zen langile-auzoa zela zehaztu du. Auzo horrek asko sufritu zuen, izan ere, bertan bizi ziren pertsona askok emigratu egin behar izan zuten eta urte batzuetan ezin izan zuten beren etxeetara itzuli, eta, gainera, hainbat urnietar hil egin ziren liskarrean edo jasan zituzten errepresalietan. Amaitzeko, Seguradok eskerrak eman dizkie liburua garatzen lagundu duten guztiei eta, bereziki, Aranzadiri, egindako lanagatik.

Ondoren, Mikel Pagolak hartu du hitza eta liburua nola sortu den kontatu du. Pagolak ere esker oneko hitzak izan ditu Aranzadirentzat, eta baita, Urnietako Udal Artxiboko Arduradunarentzat ere, Marijo Henriquesentzat. Ondoren berriz, azaldu du liburu hauek egitea zergatik erabaki zuen Udalak. Zentzu horretan kontatu du, Gipuzkoan azken urteotan Gerra Zibilaren inguruan beraien herrietan gertatu zenari buruz ikertzeko garaia dela onartu ostean, antzeko proiektu ugari jarri direla abian.

Hala, Urnietako Bizikidetza batzarreko presidenta zen Maribel Vaquerok gidatuta, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien aldeko jarrerarekin Urnietan ere denbora askoan isilik egon eta gero, garaia bazela erabaki zutela adierazi du Pagolak. Horrela, Urnietan 1936-1945 artean gertatu zenari buruz ikerketa sakon bat egitea erabaki zen 2017.urtean eta lanketa egiteko talderik egokiena Aranzadi zela adostu zen.

Aranzadik buruturiko lan sakonari esker informazio zabala publikatu dela esan du bi liburu hauetan. Urte horietan giza eskubideen zapalketa eta urraketa larriak izan ziren Urnietan, sufrimendu asko pairatu behar izan zuten urnietarrek eta horrek guztiak aitortza publiko bat merezi zuela adierazi du Pagolak, eta hori lortzen saiatu direla liburuekin.

Halaber, aipamen berezi bat egion dio Juan Jose Izetari. 1936.urtean 28 besterik ez zituela Urnietako Udalean zinegotzi kargua zuen Izeta fusilatu egin baitzuten. Horri lotuta kontatu du 20 hautetsi edo alkate izan zirela fusilatuak, tartean Izeta bera.

Bere hitzaldia amaitzeko eskertza mezuak zabaldu ditu berriro Pagolak proiektua garatzen lagundu duten guztientzat. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari emandako babes ekonomikoarengatik. Gogoan izan ditu baita, liburuan txertatu diren testigantzak eskaini zituzten pertsonak ere. Horien artean erreferentzia berezia egin dio aurreko urtean hil zen Kontxi Zalduari.

Liburuak salgai abenduaren 14tik aurrera

Segidan, liburuaren beraren laburpen bat burutu du Iraitz Arizabaleta egileak pasarte esanguratsuenetariko batzuk errepasatuz, eta bertaratuko pertsonek interesez jarraitu dituzte azalpenak.

Liburuak osotasunean irakurtzeko interesa dutenek berriz, bi liburuak erosteko aukera izango dute 10 eurotan abenduaren 14tik aurrera, eta horretarako, hiru aukera egongo dira:

  • Bertan herritarren arreta bulegoa.
  • Urnietako Udal liburutegia.
  • Elkar liburu denda: dendetan bertan eta baita online haien webgunearen bidez.