Zaldua: Gutxienez 4 mendeetan zehar bizirik egon zen kokagunea
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Ostirala, 2022eko uztailaren 22a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
- Hamar urteetako indusketek konfirmatu dute Zalduako kokagunea oso bizirik zegoen toki estrategikoa dela.
- Aurkikuntza ugari egin dira azken urteetan eta aurtengo kanpainan hurbil dauden beste guneetan industu du Aranzadiko arkeologo taldeak.
2022an 10 urte bete dira Zalduan indusketa-lanak hasi zirenetik. “2012ko zundaketa haiek markatu zuten ikerketa arkeologiko honen abiapuntua, erromatarren garaiko hirigunea aurkitu zela egiaztatu ahal izan baitzuten”, Oihane Mendizabal aztarnategiko zuzendariak azaldu duenez.
Ordutik ugariak izan dira bertan egindako ikerketak, prospekzio arkeologiko eta ikerketa geofisikoak, eta haiei guztiei esker ezagutzen dugu gaur egungo Auritz eta Aurizberriko (Nafarroa) udalerrien azpian I.tik V.era K.o mendera bitartean bizirik egon zen kokagunea zegoela. Gainera, miaketa geofisikoen gutxienez 4,5Ha-ko hedadura izango zuela ondorioztatu dute, eraikinen gehiengoa bide edo galtzada nagusiaren ertzean kokatuko zirelarik.
Zuzendariaren hitzetan “2022ko kanpaina 2 guneetan zentratu da, batetik plaza edo patio baten ertzean kokatutako eraikin bateko gela batean, eta bestetik termen eraikinean. Bi eraikinen ezaugarriak oso desberdinak direla ikusi izan da, herrigunean egongo ziren desberdintasunen adierazle”. Lehenengo gune horren funtzioa zehaztea ezinezkoa suertatu baldin bada ere, termetan kalefaktatutako bigarren gune bat identifikatzea ahalbidetu da. Azken indusketa horri esker, bikoiztu egiten da berogailu sistema izango zuen eraikinaren esparrua, 120 metro pasatxo gaindituta.
Eskuhartze horiek ez lirateke posible izango inguruko erakunde publiko, udal zein kontzeju, eta lanetan parte hartutako boluntario sare trinkoagatik izan ez balitz. Izan ere, ikerketa arkeologikoan aurrera egiteaz gain proiektuaren helburua gaian interesa izan dezaketen pertsonek formakuntza eta arkeologiako landa lanean esperientzia eskuratzea ere izaten baita.
Bestalde, uztailaren 24ean, igandean, 2022ko kanpainan topatutakoa erakusteko Ate Irekien Jardunaldia antolatu du lantaldeak. Bertan, 45 minutu inguruko doako bisita gidatu bat entzuteko beta izango da, baita aurtengo indusketa kanpainan aurkitutako material esanguratsuenak ikusteko ere. Euskarazko bisita goizeko 11:0etan izango da eta gaztelaniakoa 12:00. Gomendagarriena oinez edo bizikletaz hurbiltzea baldin bada ere, aztarnategiraino autoz iristeko aukera izango da.