Zalduako terma erromatarrak aro aldaketan eraiki ziren bi fasetan
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2024eko uztailaren 24a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Erromatar kokaguneak bere jardunaK.o. 10. urtean hasi zuen. Aranzadiko arkeologo talde bat egon da lanean etaegituren gainjartzeak eta erregistratutako materialek aztarnategiaren kronologia are gehiago mugatzen lagundu dute. Uztailaren 27an doako bisita gidatu irekia eskainiko da, hiri erromatar hau herritarrengana hurbiltzeko.
Duela 2000 urte Pirinioak zeharkatzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarrari lotutako egiturak eta materialak argitara ateratzen jarraitzen du Zalduako aztarnategi erromatarreko indusketa arkeologikoaren aurtengo kanpainak. Oihane Mendizabal arkeologoak (Université de Pau et des Pays de l 'Adour – Aranzadi Zientzia Elkartea) gidatutako talde batek hiru astez lan egin du aztarnategian. Taldeak horrela egiaztatu ahal izan ditu galtzadaren ertzean dagoen termagune horren fase kronologikoak: lehenengo fasea, 10. urtearen inguruan (K.o. I. urtearen hasiera) terma erromatarrak eraiki ziren garaia; eta bigarren fasea, 50. urtetik aurrera (K.o. I. mendearen erdialdea) azpiegiturahori handitzeko eraberritze bat egin zenean. Aurreko kanpainetan, gainera, hirugarren fase bat ere identifikatu zen, K.o. II. mendearen hasieran. Jarduera termalaren behin betiko abandonua eta ondoren metalurgia-tailer bihurtzearekin bat egiten du hirugarren fase honek.
"Ondorio horiek guztiak agerian utzi ahal izan ditugu 2024an Zalduan egindako lanari esker. Horma desberdinen gainjartzeak erromatar termak eraikitzeko bi fase egon zirela baieztatzen digu. Gainera, egitura horiei lotutako materialek kronologia hori berresten dute. Kanpaina honetan Zalduan orain arte aurkitutako txanpon zaharrena berreskuratu dugu, Augusto enperadorearen garaikoa (K.o. 10-14 urteak)", azaldu du Mendizabalek.
Erregistratutako materialei dagokionez, aurtengo kanpaina oso emankorra izan da, batez ere eraikuntza material eta ontzi zeramikoen zatiak kontuan hartzen baldin badira. Edari zein janariak zerbitzatzeko, sukaldatzeko, gorde edo garraiatzeko ontzien aztarnak identifikatu dira, baita hainbat luzerna edo kriseiluren zatiak ere. Beirazko zein metalezko hainbat objektu ere dokumentatu dira, burdinezkoak gehienak, baita txanpon bat edo beste ere. “Hurrengo hilabeteetan xehetasunez ikertu beharko diren elementu horiek guztiek informazio oso interesgarria eskainiko dute. Batez ere eraikinaren, eta ondorioz erromatar garaiko herrigune honen biztanleen ohiturak, bizimodua eta bilakaeran hobe ulertu ahal izateko.” adierazi du indusketaren zuzendariak.
Hainbat herrigune Piriniar lotzen dituen galtzada erromatarra
Erromatar garaiko Zalduako aztarnategi erromatarra gaur egungo nafar Pirinioetan kokaturik dago, Auritz eta Aurizberriko (Erroibar) herrien artean, hain zuzen. Ibañetako pasabidetik soilik 5km eskasera kokatuta egongo zen, hau da, mendebaldeko Pirinioetako igarobide nagusienetako baten ertzean eta ondorioz, posizio oso estrategikoan. Azken 12 urteetan bertan egindako lanek gutxienez 4,5 ha-ko herrigune oso bat identifikatu ahal izan dute azpiegitura eta eraikin anitzez osatua. “Lan horiei esker baieztatu ahal izan dugu Zalduako termetako kronologia Artziko eta Donazaharreko termetako eraikuntzaren antzekoa izango zela" azaldu du Mendizabalek.
2024an, Mendizabalek eta Aranzadiko talde batek Artzin indusketak egin dituzte. Bi zundaketa arkeologiko egin dituzte Artziko ermitaren inguruan, Honez gain, lehen aldiz induskatu dute Donazaharreko hiri erromatarrean (Nafarroa Beherea). Galtzadaren iparralderago dago, eta eraikin handibaten barruan harriko zola duen gela bat berreskuratu dute.
Pirinioetako ondare erromatarra ezagutzeko bisita gidatuak
Kanpaina hiru astez luzatu da Zalduan, uztailaren 8an hasi zenetik, eta dozena bat boluntariok parte hartu dute. Nafarroako Gobernuak eta Auritz/Burgueteko Udalak finantzatu dute indusketa, eskualdeko gainerako udalen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin batera.
Zalduako indusketen emaitzak ezagutarazteko, ate irekien jardunaldi bat antolatu da uztailaren 27rako (larunbata). 45 minutu inguruko doako bisita gidatu bat egingo da, aurtengo indusketa-lanetan aurkitutako material esanguratsuenak ikusteko. Bisita euskaraz goizeko 11:00etan izango da eta gaztelaniaz 12:00etan. Oinez edo bizikletaz hurbiltzea gomendagarriena bada ere, autoz ere iritsi ahal izango gara aztarnategira. https://www.es.zaldua.pyrena.eus/
Jarduera hau PIRENAEUS proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu honek Akitaine-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen kofinantzaketa jaso du eta bertan Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donazaharre/Saint-Jean-Le-Vieux eta Auritz/Burgueteko Udalek parte hartzen dute. Proiektu honek 2024-2025ean jarraituko du, Pirinioetako galtzada erromatarraren inguruan mugaz gaindiko ondare erromatarraren balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko helburuarekin.