Zundaketa arkeologoek aurrera jarraitzen dute Artzin, 10 urteko ikerketen ondoren
Arkeologia / Arkeologia indusketa
Asteartea, 2023eko otsailaren 28a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Pasa den astean Pirinioetako galtzada erromatarra eta haren inguruko aztarnategiak ikertzen dabilen lantaldeak bi zundaketa arkeologiko egin zituen Artziko kokagunean (Artzibar, Nafarroa). Ekimena Ermitauaren Etxea izenaz ezagutzen den eraikin hondarren ondoan gauzatu zen, bertan laster hasiko diren birgaitze lanak bultzatuta. Kanpaina egiteko Artzibarreko Udalaren babesa jaso da baita Nafar Gobernuarena ere, haren barnean dagoen Proiektu Estrategikoen Sailaren bidez.
Indusketaren helburua erromatar garaiko aztarnategiaren hegoaldeko muga zehazteko informazioa eskuratzea izan da, baita Ermitau Etxearen azpian edo ondoan egon litezkeen balizko aztarnak dokumentatzea ere. Udako kanpainetako lantaldea osatzen duten 10 pertsonako boluntario taldea aritu da lanean lau egunez eta erromatar garaiko zein garai berriagoetako material zatikatuak erregistratu dira zundaketetan. Eguraldi makurrak indusketa kanpaina baldintzatu badu ere, gune honetako zoruaren azpiko ezaugarriak ezagutzen jarraitzeko baliagarria izan da. Honelako eskuhartzeek, Artziko paraje eta ondoren garatuko den izen bereko jaurerriaren bilakaera arkeologiko eta historikoa ezagutzea dute xede.