 |
 |
|
 |
Deitura honetan, gizartea antolatzeko molde bat aurkitzen dugu. Hauexek dira antolaketa horren bi gako nagusienak: Ahaidetasuna eta Nagusitasuna.
|
 |
Ahaidetasuna
Erdi Aroko gure arbasoen hartu-emanek ahaidetasuna senidetasuna hartzen zuten oinarri.
Eskubide eta betebeharrak sendiaren arabera eskuratzen ziren, ez pertsonaren arabera.
Senidetasun horretan, odolezko loturak ez ezik, bestelako kidetasunak ere onartzen eta bilatzen ziren: lagunak, zerbitzariak, kideak, bezeroak, laguntzaileak,...
Ahaidetasun harremanek ez zuten mugarik espazioan. Lurraldetasuna ezagutzen ez zutela ere esan genezake. Hartara, garai hartan egon zitezkeen muga politikoen gainetik kokatu behar ditugu. Are gehiago, oinarri pertsonala zeukaten elkartruke hauetatik harreman politikoak sortzen zirela esan beharko genuke.
|
 |
Nagusitasuna
Ahaidetasun harreman hauetan, hierarkia funtsezkoa zen. Ez zegoen senideen arteko berdintasunik: guztiz kontrakoa. Nagusitasuna gutxi batzuen esku zegoen. Gainerakoak, neurri batean ala bestean, menpekoak ziren. Nagusi hauek ziren, hain zuzen ere, senide guztien helburuak finkatzen zituztenak.
Nagusitasunak gizartea antolatzeko ez ezik, gehiegikeriaz jokatzera ere eramaten zuen. Honen adibiderik ezagunena, behar bada, banderizorik ospetsuenak ematen digu: Lope Garzia Salazarrekoak, alegia. Honek, bere mundu-ikuskeraren berri helarazi digu, Las bienandanzas y fortunas idazlanaren bitartez. Liburu honetan, bandoei buruzko gogoeta eta kontakizun ugari biltzen dira. Salazarrekoak parada ederra izan zuen liburua idatzi ahal izateko, pozoinduta hil arte, bere seme batek preso izan baitzuen denbora luzez. Banderizo honen bizitzaz Darío de Areitiok idatzitako irakur daiteke.
Beraz, pertsona bati gizartean zegokion tokia bi ezaugarri horien araberakoa zen. Orduko botere maila neurtzeko, gizakiak antolatzeko gaitasuna aintzat hartu beharko genuke. Zenbat eta senide gehiago menpeko edo lagun izan, orduan eta Ahaide Nagusi boteretsuagoa, orduan eta gehiago balio zuen Ahaide Nagusiak. Hori izan zen, hain zuzen ere, garai hartako lelorik nagusiena: valer más.
Nahiz eta lausotua, gure ohituretan SENidetzaren inguruko antolamendu mota honen eragina antzeman daiteke. Adibidez, burua galtzeari sena galtzea esaten diogu. Ongi egoteko sen-aren beharra dugu, ezinbestean. Era berean, pertsona baten berri jakiteko, ez zaio galdera zuzena egiten: Nola deitzen zara? edo antzekoak gure belarritara gaizki jotzen duten esamoldeak dira. Hizkuntza kontuak baino zerbait gehiago dago horren atzean. Izan ere, funtsean jakin nahi duguna zera da: lagun hori nongoa ala nondarra den. Zein taldetakoa, alegia. Adineko jendeen artean, familia, baserria edo dagokion giza-taldea da, gaur egun ere, pertsona batengana hurbiltzeko biderik fidagarriena.
|
 |
Ondorioz
Ahaide Nagusien jardueraren ondorioz, sendiek gero eta multzo zabalago eta zabalduagoa osatuko zutela igarri daiteke. Hedapena, baina, ez zen soilik une jakin bateko kontua: denboran zehar irauten zuen. Belaunaldiz belaunaldi. Horrela, jatorri bera izan zuten senitarte-harremanek leinuak osatzen zituzten eta arbaso nabarmen bat eta jaiotetxea jatorri horren zantzuak ziren.
Gipuzkoan, hedapena honen gailurra bi bandotan bereiztea izan zen. Leinuak elkarrekin batera aritzen ziren, buru baten ardurapean; hau da, zegokien Ahaide Nagusiaren zuzendaritzapean. Leinuen artean, ordea, ez zen erabateko batasunik izan. Batzuek Oinaztar eta besteek Ganboatar aldarrikatuko baitzuten beren burua.
Banaketa honek sistema berean aritzeko bi molde ezberdin erakusten dizkigu.
|
 |
Nola lortu nagusitasuna?
Ahaidetasun nagusiak, baina, ez ziren hutsetik sortzen. Alderantziz, oso bide zehatzak jorratu behar ziren ahaideen artean nagusitasun gunera iritsi ahal izateko. Baita nagusitasunari berari eusteko ere.
Bide horien artean, familia zuzentzea dugu eraginkorrenetakoa. Hau da, ezkontzak agindu eta ondasunak banatzea.
Seme-alaben ezkontzen bitartez, giza-taldeak aliantzak eta elkarlanak lortzen zituen. Hitzartutako ezkontza hauek aliantza politikoak sortzen zituzten.
Amezketako jaunak Lapurdin lortutako poterea honen isla bikaina dugu. Borroka baten ostean, Ezpeletakoek Senpereko jauna erre egin omen zuten. Buruzagi honek uzten zuen hutsunea betetzeko, bere sendiek hildakoaren alaba Gipuzkoako Pedro Lopez Amezketarekin ezkontzea erabaki zuten. Izan ere, hau omen zen lantza hobeto erabiltzen zuen gerlaria. Amezketakoaren zereginik nagusia, aitaginarreba mendekatzea izango zen. Helburu horrekin, Beltze Ezpeletarekin borrokatu eta hil egin zuen. Amezketarrak Senperekoak bere ardurapean jartzea merezi zuela erakutsi zuen. Ingalaterreko erregeak Lapurdi osoa, besteak beste, atxikitu arren, Amezketakoaren agintea ez zen gutxitzen. Lapurtarrak, Ingalaterrako erregearen agintepean bizi, eta Gipuzkoako jaun baten azpikoak izan erabat posible zen, kontraesanik gabe.
Oreretako Fernando Ganboak antzeko bidea jorratu zuen. Bere seme Juan Ganboa, Alzateko jauna zenaren alabarekin ezkondu zen. Horrela, Irun eta Lohitzune erasotzeko, ganboatarrek Gipuzkoako zein Nafarroako bere kideak eraman ahal izan zituzten.
Beste batzuetan, ordea, ezkontzak elkar muturka zebiltzan bi familia-multzo adiskidetzeko erabiltzen ziren. Hau dela-eta, ezkontza hauetarako aukeratuak izaten zirenek familiaren ohorea hartzen zuten bere gain.
Ondasunak banatzeko tenorean, berriz, ondorengo bakar bat aukeratzen zen. Horrela, pilatutako aberastasuna ez zen banatzen eta, ondorioz, sendiaren balorea ez zen gutxitzen. Gero, oinorde honek balore hori handitzeko beharra izaten zuen.
Horretarako, aipatutako ezkontza hitzartzeaz gain, senide-sarearen bitartez jasotzen zituen errentak ongi kudeatu behar zituen. Ahaide Nagusien errenta-iturriak bere menpekoen lanak ematen zuena baino zabalagoak ziren. Esate baterako, bere giza-baliabideak ondo erabiliz, errotak eta burdinolak abian jartzeko gaitasuna zuten. Gero, indarrez, hala behar izanez gero inguruko biztanleak gailu hauen zirkuituetan txertatzen zituzten. Erabileraren truke zegokien ordaina jasoz, noski.
Elizak ere errenta-sarreratzat zuten. Horretarako, Nagusiak eliz sortzaile eta zaindari bilakatzen ziren, erlijio lanetarako beren kideak ezarriz eta elizek jasotzen zituzten fruituak bereganatuz.
Azkenik, gerra eta gerra-zerbitzuak Nagusien ogibideak ziren. Izan ere, gerrarako hobekien prestatuak zeuden gizasemeak genituen:
|
|
- alde batetik, armategiak ekoizteko gai ziren; baita gudarako hornikuntza astunak (guda-zaldiak, kanoiak,...) mantentzeko ere;
- beste aldetik, gerra-ekintzaileak sartzen zituzten haien familia-sarean: zela soldatapean, zela janariaren truke.
|
|
Gerra eta lapurreta elkarren antza hartzen zuten jarduerak ditugu. Beharbada, aziendak ziren lapurretaren xederik nagusiena.
Indarrez ere, ingurukoen lana bereganatzen zen, beste giza-sare edo gizarte-ereduak makalduz.
Etengabeko bortxazko egoera honek bestelako aliantzak sortzen zituen. Batzuetan, gerlarien arteko meniak ematen ziren, bata bestearen laguntzailea bihurtzen zelarik.
Bestalde, gerra, lapurreta eta indarra pairatzen zutenek Ahaide Nagusi baten babesa adosten zuten, bakea eta zaindaritzaren truke zerbitzuak eta morrontza eskainiz. Giza-talde bat babesteko gaitasunak, zalantzarik gabe, Nagusitasuna lortzeko bidea ematen zuen.
Gudarako trebezia honi esker, Ahaide Nagusiak erregeen laguntzaile bilaka zitezkeen. Nagusiek eta bere osteek Jaun Handien aldeko zerbitzuak bete eta ordain-saria jasotzen zuten.
Gipuzkoako Ahaide Nagusirik garrantzitsuena, gehien balio zuena, Lazkao leinuaren burua omen zen. Izan ere, XI. mendean Lazkaotarrak Nafarroako erregeari lotuta zeuden. Hau da, Gipuzkoako Lurrari zegokionez, Nafarroako erresumak bertako leinu-buruekiko harremanak bilatzen zituen.
Errege batekiko ala besteekiko leialtasuna, beraz, Handiki hauen esku zegoen. Erregeei, gainera, emankorragoa suertatzen zitzaien buruzagiekin elkartzea Lurraldea menperatzea baino. Hauei atxikita, errazagoa izango baitzen sendiak eta aliatuak eskuratzea.
|
|
 |
 |
|
|
 |