 |
 |
|
 |
Lehen ikusi dugun lehiakortasun ireki eta bortitza, nolabait mugatua zen, batzuen eta besteen artean lehian edo kolokan zeuden baliabideak beti berak ziren eta.
|
 |
Bandoen Lehiakideak
Gainera, Ahaide Nagusien gizartearen sendotasuna ahultzen zituzten bestelako eragileak azalduko dira. Esate baterako: Ahaide Nagusiengandik at giza-sare berriak sortzea. Gizarte ezberdin hauek hiribilduetan gorpuzten ziren. Herrietako harresien artean, Nagusien antolakuntzak ezartzen zuen menpetasuna lausotzen zen beste legedi eta eskubide baten pean. Era berean, esan dugun moduan, hiribilduak ere baliabideen inguruko lehiakortasunean ezinbestean sartzen ziren. Eta, batez ere, erregeen zerbitzari emankorrak bilakatzen jakin zuten. Zerbitzariak baino, alabak. Izan ere, senidetasunaren hizkera erabilgarria zen oraindik politikan.
|
 |
Gipuzkoako Hermandadea
Horrela, Gipuzkoako Lurraldean
antolatu ziren hiribilduek anai-arrebatzat jotzen zuten beren
burua. Haien arteko parekotasun harremana islatzen zuten horrela.
Osatzen zuten egitura Hermandadea zen. Hiribilduek
ez zuten Ahaide Nagusirik eduki nahi, aita bat nahi zuten.
Eta aita hori erregearengan bilatu zuten.
Haiek ere erregea lehenetsi arren, Ahaide Nagusiek ez zuten
onartzen anaitasun horrek eskatzen zuen berdintasuna. Gipuzkoako
antolaketa mota hori ezin zuten bereganatu. Bere menpekoek
izan behar zutenek eskatzen zieten berdintasun harremana ezin
zuten, inolaz ere, barneratu. Are gutxiago Gipuzkoako Hermandadekoek
aldarrikatzen zuten aitonensemetza orokorra.
|
 |
Gaztelako Erregea
Horrela, 1397an, Gaztelako erregearen
laguntzaz, Gipuzkoan zehar Nagusiengandik at antolatutakoek
Gipuzkoako Hermandadea sortu zuten, Ahaide Nagusiak kriminaltzat
eta gaizkiletzat jotzen zuena. Hermandadeak ere ekintza armatuak
burutzen zituen, Ahaideen dorreen aurka zein Nagusien eta
bere menpekoen kontra.
Honi erantzuteko, Ahaide Nagusiek bandoen arteko ezberdintasunak
alboratu eta probintziatasuna islatzen zutenaren
aurka ekin zioten.
Hala, 1448. urtean Arrasate erre izana gudaren mugarria dela
diogu. Izan ere, hemendik aurrera, hiribilduak Gaztelako erregearen
eskutik arituko dira. Haren eskutik eta haren gerizpeak ziurtatzen
zuen bermeaz. Gipuzkoa osoan zehar eskumen bakarra zabaltzen
saiatuko ziren. Nagusien ekintzak epaitzen eta zigortzen zituzten.
Legeak sortzeko eta epaiketak burutzeko ahalmenak Ahaide Nagusiei
ukatzen zitzaizkien. Horrela, mendekuak, aupadak eta buruz-burukoak
desagerrarazi nahi zituzten.
|
 |
1456. urteko Aupada
Ahaide Nagusiak azken kolpe bat ematen saiatu ziren: 1456. urteko aupada. Hiribilduetako ordezkariei erronka jo zieten, armaz eta buruz buru nagusitasuna nork erakutsiko.
[Erronka]
Honen ondorioz, Probintzia moduan antolatzen ari zirenak eta
Gaztelako Enrike IV.aren arteko elkarlana areagotu egin zen.
Nagusiak Gipuzkoatik kanpo erbesteratuak izan ziren eta beren
gotorlekuak eta dorretxeak birrinduak.
[Zigorra]
Erregeak, baina, ez zuen eten Nagusiekiko lotura. Aitzitik,
beren balorea erakusteko bide egokiago bat eskatu zien: Andaluzia
konkistatzen parte hartzea, alegia. Estepona eta Jimena izan
ziren gure Ahaideen helmugak. Bertan, gehiago balio izateko
aukera izan zuten. Erregearen zerbitzuan eta armak erabiliz,
gainera. 1460. urtean, indultoa eskaini eta Ahaide Nagusiak
Gipuzkoara itzuli ziren.
[Barkamena]
|
 |
Gipuzkoa Garaile.
Alabaina, Probintziako partaide arruntak izateari uko egiten zioten oraindik. Oraingo honetan, baina, guda irekia jada baztertuta zegoen: nagusitasuna aldarrikatzeko bide judizialak erabiltzen ziren. Hau dela-eta, nahiz eta batzuetan hiriak eta Nagusiak elkarrekin bake-akordioak meniak sinatu, gerratea ez zen bukatu era ofizial batean, alegia, probintziaren eta ahaideen arteko itun baten edo antzeko zerbaiten bitartez. Ahaide Nagusiek ez zuketen horrelakorik onartu, beren burua besteen gainetik ikusten zuten eta.
Hortaz, bandoen gerratearen amaiera isilpekoa izan zela esan
dezakegu. Gainera, leinuetako adar askok hiribilduetan txertatzen
eta bertako gobernuan parte hartzen jakin zuten. Horretarako,
bere deituraren izenean aritu beharrean, auzokidetzaren izenean
jardutea zuten baldintza. Bide hau ere ez zen batere samurra
suertatu, eta tira-bira hauek XV. mendean zehar iraun zuten.
Azkenik, baina, ez Ganboarengatik ezta Oinatzengatik. Alderdikeriak
baztertu, deitura alboratu eta hiriaren zein Probintziaren
izenean jardutea gailendu egin zen. Une honetan tokiak eta
lurraldetasunak senidetasunari nagusitzen hasi zitzaizkion.
|
|
 |
 |
|
|
 |