 |
 |
|
 |
Bandoen sorrerak
Bandoen sorrerak, ada, sistema berean jarduteko jokabide bakarra ez zegoela erakusten digu. Hau da: gizartea osatzen zutenek, balore berak aintzat hartzen bazituzten ere, molde ezberdinak gauzatu zituzten balore horiek garatzerakoan.
Banaketaren eta bere ondorio odoltsuen jatorriaren inguruko
kontakizun herrikoia ezaguna da oso. Istorio honen arabera,
prozesio batean gertatutako eztabaidak ekarri zuen liskarra.
Alde batekoek kandelak lepoan, goian, ganboan
eraman nahi omen zituzten; beste aldekoek, berriz, eskuz,
behian, oinian-. Kalapita honen sortzaileak Ulibarrikoak
eta Muruakoak omen ziren. Horrela, Ulibarri-Ganboa eta
Murua-Oinatz bihurtuta, bi bando-buru sortu eta borroka
zabaldu egin zen.
Egun, ikerketen ondorioz, Bandoen sorreraren eta gerratearen
jatorriaren gainean oso bestelako hausnarketa egiten da.
Nahiz eta leinuen arteko ezin ikustea zaharragoa izan, bi alderdietan gauzatzen den lerrokatzea XIV. mendean gorpuztu zela pentsatzen da. Honekin batera, gure geografian zehar bandoak nola sakabanatzen ziren ikustea oso esanguratsutzat jotzen da, barreiaketa honen gibelean kulturari, ekonomiari eta leialtasunari loturiko arrazoiak ezkutatzen zirelakoan.
|
 |
Ezaugarriak
- Deba eta kostaldean kokatutako leinuak ganboatar ziren.
- Goierri eta Urolakoak, berriz, oinaztar.
- Ganboatarrak merkataritzarekin eta hiribilduekin lotu ohi izan dira.
- Oinaztarrak, aldiz, aziendekin eta abeltzaintzarekin.
|
|
Banaketa honen funtsean, XIII. mendetik
aurrera, Gaztelako erregearen erasoen ondorioz, Ganboatar
buru Gebarako jaunak emandako urratsak egon zitezkeen.
Gebarako jaunak, Oñatiko kondea izango denak eta
jatorri arabarra zuenak, Ahaide Nagusien mailatik haratago
kokatzen zen. Jaun Handitzat jo dezakegu, beraz. Hiribilduen
garapenari esker Gipuzkoak eskaintzen zituen aukerez baliatzeko,
Debaren arrotik eta kostaldetik bere sarea hedatu eta
antolatu zuen. Gainera, Gaztelako erregearen bermearekin
aritzen zen, eta Nafarroa/Gipuzkoaren arteko muga sustatzen
nabarmendu zen.
Ondorioz, sustrai gipuzkoarra zuten leinuak, Martin Lopez
Murua sorburu bezala gogoratzen zutenak, lehian sartu
ziren. Hauek ez zuten horren lotura esturik hiribilduekin
eta Lurraldearen muga ere kaltegarri suertatzen zitzaien.
Jarrera politikoari dagokionez,
bandoen erregeekiko leialtasunak aldakorrak izan ziren.
Gaztela eta Nafarroaren arteko gudetan Ganboatarrak Agramondarrekin
bat egingo zuten, eta, beraz, Nafarroako erregearen aldekotzat
jo ditzakegu. Oinaztarrak, ordea, Beaumondarrekin batera
agertzen dira, Gaztelako erregezaleekin batera. Aliantza
hauen ondorioz Loiolako Inazio, oinaztar gerlaria orduan,
Iruñeko setioan zauritu zen.
Baina, esan bezala, aldaketak izan ohi ziren. 1369an,
adibidez, Nafarroako Karlos II.a euskal lurraldearen erabateko
kontrola berreskuratzekotan zegoen tenorean, Ganboatar
buruak, guztiz ahaltsua zen Gebarako jaunak, traizioa
egin eta Gaztelako erregearen alde jardun zuen.
Aldakortasun honen beste adibide bat: 1466. urtean Igartzako
jaun Martin Perez Lazkao Foix-eko Kondearen eta Nafarroako
Kondestablearen agindupean topatzen dugu Gaztelako erregearen
interesen aurkako ekintzetan. Beranduago, ordea, jarrera
aldatu eta Gaztelako erregearen barkamenaz Igartzako gunea
antolatzeari ekin zion.
Kontu hauek guztiek Gipuzkoako buruen leialtasunak 1200.
urtean ez zirela erabat itxi erakusten dutela uste dugu.
 |
|
 |
Bortizkeria
Guda eta liskar egoera hau orduko gizartearen funtzionamenduan kokatu behar da. Lehen zirriborratu dugun jokabideen barruan gerra egoera logikotzat eman daiteke. Hala bizimodua antolatzeko era nola giza-harremanak ulertzeko eta jorratzeko bideak oso bortitzak eta oldarkorrak ziren. Etengabe bultzatzen zen balore gehiago lortzea eta izatea, bai aurrekoak baino gehiago eta baita ondokoak baino gehiago ere . Valer más esamolde ospetsua
garai honi zor diogu. Ahalik eta ospe, ohore, oparotasun,
errenta eta gizon gehien atxiki behar ziren.
Honek, izugarrizko presioa zekarren giza baliabide eta
baliabide ekonomikoen gainean. Ezinbestekoa egiten zen
Nagusi baten babesa bilatzea eta honek bere menpean nortasuna
eskuratzea ekarriko zuen.
|
|
 |
 |
|
|
 |