Hasi dira Zarauzko Zingira basoko lanak

Botánica

Jueves, 11 de Octubre, 2018 — CEST

Lectura: 2 minutos

Mari Azpiroz Aranzadi elkarteko kideak eman ditu basoaren berezitasunen inguruko azalpenak. Basoak, guztira, bost hektarea dauzka, eta horietatik lau pinuz osatuta daude. Bigarren mailako habitata artelatz basoa da, eta horrez gain, geratzen den hektarea osatzen dute baso naturalak, sastrakadiak eta iratzediak. Azpirozek azaldu du hainbat legedik baso hau babestera eraman dituztela: “Artelatza babestutako espeziea da, bereaz, interes berezikoa da”.

Artelatza oso espezie berezia da, ez da ohikoa bere zabalkuntza. “Garai bateko klimara moldatutako landarea da. Klima epelagoak zirenean banaketa zabalagoa zuten, baina giroa hozten joan zenean desagertzen joan ziren”. Euskal Autonomia Erkidegoan hogei hektarea osatzen dituzte artelatz eremuek, eta horietatik hamabost Garate-Santa Barbara inguruan daude.

Biodibertsitate fluoristiko aldetik baso oso aberatsa dela azaldu du Aranzadiko kideak. “Gorostiak, erratzak, basoko sagarrondoak, urritzak… topa ditzakegu bertan”. Artelatz basoaren berreskurapena da proiektu honen helburua, eta horretarako, kaltea sortzen dieten pinuak kenduko dituzte. Ez dela ohiko baso lan bat azaldu du Azpirozek, eta “kontu handiz” egin beharrekoa dela. Kasu batzuetan pinuak kendu beharko dituzte, beste batzuetan eraztundu eta beste batzuk bere horretan utzi. Horretarako, babestu beharreko artelatzak markatu egin dituzte.

Horrez gain, garai bateko Zingira putzua izango litzatekeenean putzu bat egiteko lanak hasiko dituzte. “Hezegune txikiak bioaniztasun biltegi handi bihurtzen dira”.

Azkenik, herritarrei pazientzia eta errespetua eskatu dizkiete bai Ingurumen zinegotziak, baita Aranzadiko kideak ere. Lanek zortzi hilabete iraungo dute eta bitarte horretan bideak itxita egongo dira. Basoaren berreskurapena urte batzuk barru egongo da ikusgai, baina basoa “askoz aberatsagoa” izango da orduan.