Azkoitiako memoria historikoa landuko du Aranzadik

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Osteguna, 2022eko ekainaren 2a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Azkoitiko Udalak Gerra Zibileko eta diktadura frankistako memoria historikoa berreskuratzeko lanketa egingo du, aldi hartan urratutako giza eskubideak ezagutzera emateko asmoz. Lanketa Aranzadi Zientzia Elkarteak garatuko du eta gaur eman dituzte xehetasunak Ondare eta Turismo zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek eta Aranzadiko historialaria den Javier Bucesek.

Mendizabalek azaldu du memoria historikoaren inguruko lanketak balio behar duela, ez gorrotorako, baizik eta gertatutakoa barneratzeko eta sekula gehiago horrelakorik ez gertatzeko, eta herritarrei parte hartzeko eskatu die. "Helburua da ahalik eta testigantza gehien jasotzea. Gerra bizitakoak, asko eta asko, hilda daude, baina oinordekoak hor daude, eta etxean denok jasotzen ditugu pasarteak, argazkiak, e.a.".

Aranzadi Zientzia Elkarteak ez du lanketa hutsetik hasi beharko. "Aurretik - gehitu du Mendizabalek - lan dezente dago egina, eta alderdi guztiok izan dugu eskura dokumentazioa, eta elkarrekin landu dugu hau guztia. Esku artean genuen materiala Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari helarazi genion, eta ikerketaren inguruko jarraibide batzuk eman zizkigun, eta ondoren, Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri ginen harremanetan gainerako herrietan erabilitako metodologia erabiliz lanketa egin zezan". Mendizabalek erreferentzia egindako materialaren artean ondorengo liburuak aurkitzen dira: Raimundo Alberdi Uriaren "Errotik harro. Azkoitiko abertzaletasuna, bizipenak eta historia. 1907-2007", Simon Aranbarri Etxanizen "Anai arteko borroka Azkoitian (1936-1939) edota Iñaki Isasmendiren "Nire denboraldiko ibilerak".

Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, baina Javier Bucesek ondo azaldu duen moduan, aurretik ezinbestekoa da "gertatutakoa ezagutzea eta egia biltzea". "Egia jakin gabe, ezin da justiziarik eta erreparaziorik eskatu edo lortu. Egia jakin behar da, eta egiak izen-abizenak ditu. Gure lana ez da liburu historiko bat egitea, baizik eta errepresio frankistaren biktima guztiak identifikatzea izen-abizenekin".

Identifikatutako pertsona bakoitzarekin fitxa bat osatuko da. Fitxa horretan datu pertsonalez gain, zer nolako eskubide urraketa pairatu zuen azalduko da eta baita, frogaren elementuak ere.

Bucesek ere herritarren kolaborazioa eskatu du. "Testigantzak oso garrantzitsuak dira, dena ez dagoelako artxiboetan". Erbestea, estigmatizazio soziala, emakumeen jasandako eskubide urraketak eta beste hainbat eta hainbat aspektu jaso nahi dira, "ez bakarrik hildakoen zerrenda".

Ikerketan parte hartzeko herritarrak harremanetan jar daitezke Aranzadi Zientzia Elkartearekin memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita edo 943 466 142 telefonora deituta.

Lanketa garatzeko hainbat esparrutako artxiboak aztertuko dira eta elkarrizketak oinarri izango dituen ikerketa-lan sakona egingo da. Arreta berezia jarriko da emakumeek jasandako giza eskubideen urraketetan. Halaber, gertatu denaren egia zabaldu nahi da memoria kolektiboan txertatzeko, eta baita ikerketaren emaitzak ere.

Memoriaren Bulegoa

Proiektua aurrera eramateko elkarrizketak egingo dira. Horretarako, Oroimenaren Bulegoa zabalduko da. Berdura Plazako lokal batean kokatuko da eta ekainaren 9an, 16an, 23an eta 30ean goiz eta arratsalde egongo da zabalik, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, hain zuzen.

Oroimenaren Bulegoan, herritarrek 1936 eta 1959 bitartean errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta jasaten dituzten senide edo pertsonen inguruko informazioa eskatu ahalko dute, eta baita, informazioa eman ere. Bulegoa herritar guztientzat egongo da zabalik.

Edonola ere, ikerketak irauten duen ddenbora guztian jaso ahalko dituzte lekukotzak.

Behin proiektua abiatuta, bi lan fase nagusi izango ditu. Lehenengo fasean bigarren mailako iturrietatik jasotako datak berrikusi eta egiaztatuko dira, eta udal eta autonomia artxiboak kontsultatuko dira. Bigarren fasean, Gipuzkoatik kanpo Azkoitiari buruz dauden artxiboak eta bibliografia aztertuko dira, herritarrek emandako material grafiko eta dokumentala bildu eta digitalizatzeaz gain.