Begoñako argia

Babeslea:

Ayuntamiento de Bilbao
Memoriaren laborategia

Antropologia, Arkeologia / Hileta arkeologia, desobiratzeak

Bukatua

Begoñako Argia proiektuaren xedea da unibertsitate-praktiken campus bat ezartzea hilerrian, historiaren, ondarearen eta antropologiaren inguruko ikerkuntza egiteko. Eta, hori guztia, oneratze, ikerkuntza eta zabalkunde zientifikoko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaion sentsibilitate sozialarekiko begirunez.

Begoñako hilerriak 10.000 metro koadro ditu, eta, gaur den egunean, bertan behera utzita dago; 1813tik 2006ra arte eman zuen zerbitzu (eta 2006an itxi; azken hobiratzea 2003an egin zen), eta Bilboren historiaren bilakaeraren, garapenaren eta hazkundearen lekuko leiala da. Izan ere, haren existentzia osoan zehar, hango hilobi eta panteoietan, Bilboko ehunka pertsonaren gorpuzkiak hobiratu izan dira. Eta lanean egon zen are une oso zailetan ere, hala nola Bigarren Errepublikan edo Gerra Zibilean zehar.

Memoria historiaren arloan duen balioaz gain, hilerrian badira interes handiko multzo batzuk, XIX. eta XX. mendeen amaierako hilerri-arkitektura aztertzeko. Izan ere, dokumentuetan jasota dago arkitekto eta artista entzutetsuek diseinatutako panteoiak dauzkala, hala nola Vicente Larrea, Emilio Amann edo José María Basterra, eta, are beste eraikin batzuk ere, hala nola kapera, hezurtegia eta beste.

Hori guztia dela eta, Aranzadi zientzia elkartearen ustean leku horrek aukera handia eskaintzen du gure iragana ezagutzeko, eta oso egokia da ikertzeko, zientziazko metodologia eta sentsibilitate tekniko egokiekin, eta, halaber, han biltzen diren elementuetan jardunak gauzatzeko, zeintzuek ondare materiala eta immateriala biltzen baitute aldi berean.

IKERKUNTZA KOORDINATZEKO JARDUERAK

Alde horretatik, zenbait jardun gauzatuko dira hilerri barruan, desobiratuko diren hezur gorpuzkiak eta materialak ikertu eta sailkatu aurretik.

  • Lurra eta/edo hilerri-arkitekturako elementuak inola ere kendu aurreko lanak, ondorengo desobiratzeak eta gorpuzkiak kudeatzeko lanak errazteko.
  • Dokumentazio lanak, landaretza kendu ostean barruti barruan egitekoak (topografia, 3D argazkigintza…).
  • Dokumentazio idatzia eta grafikoa biltzea hilerri/panteoi bakoitzetik eta hobiratze bakoitzetik.
  • Dokumentazio arkeologikoa biltzea hilerrietatik/panteoietatik/kaperatik, eta haien balorazio ondarezko bat egitea.

FORMAZIO JARDUERAK

Hezkuntzazko jardueren barruan, Aranzadi zientzia elkarteak induskatze/desobiratze prozesu bat egingo du, unibertsitate-ikasleentzako campus baten bidez.

Horretarako, unibertsitate-zentroak eta zientzia-entitateak ariko dira proiektuan, betiere Bilbon kokatuta dauden unibertsitateei emanez lehentasuna (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UNED), eta, betiere, uriko giza kapitalaren formazioan eta uriko unibertsitate sarean inbertsioa eragitearren, eta, hala, zientziazko ikerketan eta zabalkundean erreferente izatekoa den proiektu baten garapen materialean parte hartuz. Aranzadi zientzia elkarteak berak hartu du ardura ikasleak erakartzeko eta kudeatzeko.

Desobiratze/hobiratze prozesuan sartzen dira:

  • Hezur gorpuzkien induskatze mekaniko/eskuzkoa eta arkeologiazko dokumentazioa.
  • Hondakin materialak garbitu, analizatu, sailkatu eta tratatzea.

Aranzadik bere esperientzia eta ezagutza zabaletik, lan egiteko arloak eta lantaldeak definituko ditu, eta panteoiak eta hilobiak desmuntatzeko lanen zuzendaritza, kontrola, dokumentazioa eta arkeologiazko kontrola gauzatuko ditu.

Horrez gain, desobiratze lanak amaitzean, azken memoria bat egingo du gorpuzkiei buruz, eta desmuntatzeko proposamen bat ere bai, eta eduki grafikoak eta idatzizkoak aurkeztuko ditu, beharrezkoak direnak proiektuaren ondorio izango diren ezagutzen eta emaitzen zabalkundea egiteko eta gizarteratzeko.

ZIENTZIAZKO, DOKUMENTAZIOZKO ETA SOZIALIZAZIOZKO JARDUERAK

Hain proiektu espezializatu baten zabalkunde soziala egitearren, honako hauek egingo dira:

Kontrolatu, jarraipena egin eta dokumentatu egingo dira ikerkuntzaren arloko lanak, sozializazio-plan bat eginez, ahalik eta zabalkunderik handiena ziurtatzearren.

Aldi bateko erakusketa-gunearen gidoia eta diseinua, non panelen bidez erakutsiko baita Begoñako memoriaren sintesi bat, bai eta abian den ikerketa prozesua ere, Arte Ederretako ikasleek egindako artelan batzuekin batera.

Esku hartze artistikoko tailer bat, EHUko Arte Ederren fakultatearekin batera, eta beste bat hilobien petrologiari buruzkoa, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Departamenduarekin batera, zeinarekin Aranzadi elkarteak hitzarmen espezifiko bat baitauka eta Leioako Geo-Q zentroa kudeatzen baitu.

Jardunaldiak eta hitzaldiak ikertzaile, arkeologo eta forentse ospetsuen eskutik, jendearentzako irekiak (memoria eta giza eskubideak, arkitektura, paisaia…), prozesuak horren beharrezkoa duen zientziazko zabalkundea ziurtatzeko.

Ikustaldi gidatuak prozesu osoan zehar, herritarren artean zientziazko zabalkundea eta herritarrek lekuari izango dioten atxikimendua indartzearren.

IKUSTALDI GIDATUAK ETA HITZALDIAK

‘Begoñako Argia’ publikoari irekitako proiektua da, eta dibulgazio-bokazio argia du.

Begoñako Andra Maria kaleko hilerrirako sarbidean erakusketa-gune bat jartzeaz gain – bertan azalpen-panel batzuk jarri dira eta proiektuari izena ematen dion argia piztu da –, bisitaldi gidatuak antolatuko dira hilerrira, hala nahi duten guztiek Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den lanetara hurbildu eta bertatik bertara ezagutu ditzaten.