
Ingurumen hezkuntzako jarduerak Aralarren eta Mutiloan

Entomologia, Herpetologia, Mikologia / Biodibertsitatea, Dibulgazioa, Ingurumen hezkuntza
Asteazkena, 2025eko irailaren 17a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Helburua, Nafarroako eremu atlantikoko ekosistemei lotutako biodibertsitateari balioa ematea.
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aranguren Ibarreko Udalarekin eta Astiz-Irujo Fundazioarekin elkarlanean, ingurumen-hezkuntzako hainbat jarduera antolatu ditu, Nafarroako eremu atlantikoko ekosistemek gordetzen dituzten altxor naturalak zabaltzeko, eremu hori baita euritsuena eta, oro har, basotsuena. Iraileko bigarren hamabostaldian zehar, Nafarroako erdialdeko eta iparraldeko (Aranguren Ibarra eta Aralar mendilerroa) bi kokalekutan zentratutako hiru jarduera mota burutzea aurreikusten da.
Alde batetik, "Nafarroako eremu atlantikoko ekosistemak" erakusketa ibiltaria bisitatu ahal izango da Mutiloako Kultur Etxean irailaren 15etik urriaren 3ra bitartean. Irailaren 25ean bi bisita gidatu egingo dira erakusketara, edukiak sortzen eta, ondoren, erakusketako testuak egiten parte hartu zuen espezialistaren laguntzarekin: 17:30ean gaztelaniaz eta 18:45ean euskaraz. Aranguren Ibarreko jarduerak osatzeko, herriko hezeguneetara bisita gidatua egingo da irailaren 27an, goizean. Aranzadiko herpetologo eta entomologoek bisita bat gidatuko dute azken hamarkadan ebaluatzen ari diren anfibioak, narrastiak, libelulak eta deabruaren zalditxoak ezagutzeko.
Irteera gidatuak Aralarko baso eta hezeguneetara eta dibulgaziozko argitalpenen aurkezpena
Aldi berean, bi landa-irteera egingo dira, Aranzadiko hainbat adituk gidatuta, Aralar mendilerroko ekosistema garrantzitsuak ezagutzeko: basoa eta hezeguneak. Irailaren 20an bisita gidatua egingo da Aralarko basoetan zehar, Aranzadiko mikologo eta herpetologoek lagunduta. Bertan, ia jaramonik egiten ez diegun organismo txikien garrantzia nabarmenduko da. Azkenik, irailaren 28an, Aralar mendilerroko mikrohezeguneak bisitatuko dira, anfibioetan, narrastietan, deabruaren zalditxoetan eta libeluletan adituak diren pertsonekin batera. Aranguren Ibarreko eta Aralarko hezeguneetako bisita gidatuan, aurkeztu berri diren bi argitalpen dibulgatzaile banatuko zaizkie bertaratutakoei. Alde batetik, Odonatuak identifikatzeko gida (gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak), hezegune txikietan dauden odonatu espezieak identifikatzen ikasteko, bisita gidatuetan ikusiko ditugunak bezalakoak. Era berean, liburutxo bat emango zaie, Sugegorri iberiarrak izenekoa (gaztelaniazko eta euskarazko bertsioa), herritarrak kontzientziatzeko, animalia horiek gizartearen zati baten jazarpen zuzena jasaten baitute oraindik.