Geofisikako hogeita hiru ikasle europar Zalduako aztarnategi erromatarrean izango dira egun hauetan

2019/08/05

• 23 ikasleak Italia, Erresuma Batua, Alemania, Zipre, Eslovenia, Norvegia, Grezia, Portugal, Katalunia, Euskal Herria, Bulgaria, Finlandia, Kroazia, Espainia, Montenegro eta Poloniakoak dira.

• Zalduako kokagune erromatarrean jasoko dute Europako ikasleek geofisikari eta arkeologiari buruzko prestakuntza.

SAGA proiektua (Soil science & Archaeo-Geophysics Alliance) Europako COST Action programan txertatuta dago. Programa hori Europar Batasunak finantzatzen du eta herrialde bateko eta besteko ikertzaileen arteko koordinazioa bideratzeko sortua da.  SAGAren helburua geofisikako eta arkeologiako adituak, lurpearen ikertzaileak eta beste zientzia batzuetakoak bilduko dituen sare bat sustatzea da, hala arkeologiaren arloan, datu geofisikoak interpretatzeko gaitasuna garatu eta hobetzeko.

Proiektu honen beste helburuetako bat ikasleei prestakuntzarako tresnak eskaintzea da eta horretarako, ikastaro teoriko-praktiko bat antolatu dugu Zalduako kokagune erromatarrean. Aztarnategi honek potentzial arkeologiko eta geofisiko handia du eta proiektuko adituen batzordeak erabaki du leku enblematiko honetan abiaraziko dutela prestakuntzarako ikastaroa.  Uztailaren 29an hasiko da ikastaroa eta abuztuaren 2an amaituko da. Egun horietan, aztarnategian lanean arituko dira adituak eta Auritzen hartuko dute ostatua. Saio teorikoak jasoko dituzte ikastaroan, arkeologiari aplikatutako teknika geofisikoen oinarriak eta lurzoruen azterketarako oinarriak ikas ditzaten. Era berean, saio praktikoak ere egingo dituzte Zalduako aztarnategi erromatarra lantoki gisa erabilita. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta MOLAk aztarnategi honetan eginiko ikerketa geofisiko eta arkeologikoak direla-eta, leku egokia da, aurretiazko ezagutza eta adibide ugari baititugu aipatu ditugun teknika horien ezaugarriak erakusteko.

Europako zenbait herrialdetako 23 ikaslek eta 8 hezitzailek hartuko dute parte ikastaroan: Italia, Erresuma Batua, Alemania, Zipre, Eslovenia, Norvegia, Grezia, Portugal, Katalunia, Euskal Herria, Bulgaria, Finlandia, Kroazia, Espainia, Montenegro eta Poloniakoak dira. Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du ikastaroa eta zenbait enpresa eta unibertsitatek ere hartu dute parte; besteak beste, hauek: SOT Prospección Arqueológica (Katalunia), GEEA Geólogos (Nafarroa), GeodataWIZ (Alemania), Burgosko Unibertsitatea, Norvegiako Zientzia eta Teknologiaren Unibertsitatea, Ganteko Unibertsitatea (Brusela), Kieveko Taras Schevchenko Unibertsitatea (Ukraina), Stirling Unibertsitatea (Eskozia)… Jaso du Nafarroako Gobernuaren eta Aurizko Udalaren babesa ere.

BIDEOA IKUSI

Zientzia elkartea · Society of sciences · Sociedad de ciencias · Société de sciences

Gipuzkoa.net