Aranzadik 1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketak ikertuko ditu
Aranzadi
Asteartea, 2017eko maiatzaren 30a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Proiektuaren helburu nagusia da Donostian jaio edota bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, bai eta, Donostian jaio edo bizi izandakoak ez izan arren, 1936tik 1945era Donostian giza eskubideen urraketaren bat nozitu zutenak ere.
Maiatzean ekingo diote diruz lagundutako ikerketa horri, eta 2017ko abenduan amaituko dute. Lehenengo fasean, batez ere, tokiko informazio iturriak aztertuko dituzte, eta gero estatuko gainerako tokietara zabalduko dituzte iturriok. Azterketaren behin betiko emaitzak 2019ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dituzte.
Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, “Aranzadik proposatu duen azterlan horri esker, zehaztasun handiagoarekin jakingo dugu Donostiako zein bizilagun errepresaliatu zituzten, 1936tik 1945era”.
Eneko Goiak nabarmendu duenez, “egiaz zer gertatu zen bilatzea eta zabaltzea, oroimen kolektiboan txertatu ahal izateko, eta gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak nozitu zituztenei justizia egitea eta erreparazioa ematea konpromiso utzienak dira edozein erakunde demokratikorentzat”.
Ikerketa
Aranzadi Zientzia Elkarteak egingo duen ikerketaren helburua ez da bakarrik kontakizun historiko orokor bat osatzea hirian 1936tik 1945era gertatutakoaren inguruan; horrez gainera, giza faktorea landuko du, eta historia pertsonalak ere ikertu eta dokumentatuko ditu. Horretarako, urte haiek bizi izan zituzten pertsonen lekukotasunak bilduko ditu, bai eta gerraren eta diktadura frankistaren ondorioz hil edo errepresaliatutakoen zuzeneko senitartekoenak ere.
Proiektu honen bereizgarrietako bat da hasieratik inplikatu nahi dituela donostiarrak oroimen historikoa berreskuratzeko lanean, “Oroimenaren Bulegoa” eta antzeko ekimenen bidez, eta egindako ikerketen emaitzak ezagutarazi eta gizarteratu egin nahi dituela; hau da, ikerketaren bidez lortutako ezagutzak herritarrengana iristea, haiengan eragitea eta barruraino sartzea nahi duela.
Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa historikoko hainbat proiektu egin ditu Gerra Zibilean eta frankismoan Euskal Herriko udalerrietan gertaturikoaz. Ikerlan horiei esker, ahanzturatik berreskuratzen ari gara Euskal Herriko historia garaikidean berebiziko garrantzia duen garai bat, eta, hala, Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisiodunaren Bulegoak ezarritako oinarrizko eskubideak osatzen ari gara: egiarako eskubidea, justiziarako eskubidea eta erreparaziorako eskubidea.
Aranzadi Zientzia Elkarteak lanean jarraitu nahi du duela urte batzuetatik Euskal Herriko beste lurralde eta udalerri batzuetan egiten ari den proiektu horretan, eta, orain, 1936tik 1945era giza eskubideen urraketaren bat jasan zuten donostiarrak hartu nahi ditu aztergai, Gogora erakundeak arlo horretan ezarritako gidalerroak eta kategorizazioa oinarritzat hartuta.