1936tik izandako giza eskubide urraketen bilduma den Galdakao Oroimena webgunea aurkezpena
Antropologia / Tokiko memoria historikoa
Ostirala, 2023eko otsailaren 3a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Galdakoztarrek historian zehar arrazoi politikoak tarteko jasan dituzten errepresioak ezagutzera emateko asmoz, Galdakao Oroimena webgunea jarri dute martxan Udalak eta Aranzadik, orain arteko 500 testigantzatik gora jasota.
Oroimenaren Bulegoa zabaldu zen Galdakaon pasa den urrian, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik eta Udalarekin elkarlanean. Elkarteko adituak galdakoztarren testigantzak biltzen aritu dira ordutik. «Egia, justizia eta erreparazioa nazioarteko eskubidea oinarri hartuta, euren eskubideak urratuta ikusi dituzten herritarren izen-abizenen bila aritu dira Aranzadiko adituak», azaldu dute Udaletik.
Historian zehar arrazoi politikoak tarteko errepresioak jasan dituzten herritar hauen testigantzak ezagutzera emateko helburuz, Galdakao Oroimena webgune berria jarri dute martxan Udalak eta Aranzadik.
Aurkezpenera 50 herritar inguru gerturatu dira, eta Udalaren izenean Iñigo Hernando alkateak hitz egin du. «Izan zirelako gara, eta garelako izango direla esaten da, eta horixe da proiektu honekin bilatu gura duguna; baina hau ez da proiektu itxi bat eta herritarren testigantzak batzen jarraitu gura dugu», adierazi du alkateak gaurko aurkezpenean.
Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean berriz Javi Buces historialaria etorri da, bere hitzetan «gu hemen laguntzeko gaudela» adierazi du, eta gaineratu: «Justizia eta erreparazioa gure esku ez badago ere, gu lehenengo pausoa betetzeko gaude hemen: egia bilatzeko». Eta horretarako, «Galdakaok bere oroimen historikoa berreskuratzeko duen interesa ikusita, proiektu honekin herri honetan gertatutakoa jakin gura dugu», adierazi du Bucesek.
Webgunea, prest
Gaur estreinatu duten Galdakao Oroimena atari berriak bi atal ditu: oroimen historikoa batetik eta gertuko oroimena bestetik. Eta webgune berri honetan nabigatzeko azalpenak eman ditu Aranzadiko historialariak. Lehenengoan, ‘Oroimen historikoa’ atalean, «1936ko gerran eta gerraosteko testuinguruan, kolpistek eta diktadurak eragindako giza eskubideen urraketak eta errepresioa jasotzen ditugu», kontatu du Bucesek. Bigarrenean berriz, ‘Gertuko oroimena’ atalean, «euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten eta jasaten ari diren pertsonen» testigantzak sartu dituztela azaldu du. Azken atal honetan, «era berean, Galdakaon eta galdakoztarrek bizitako motibazio politikoko indarkeriaren beste sufrimendu batzuk ere jasotzen dira».
Atari honetan euren testigantzak publiko egitea onartu duten lagunen testigantzak ikusgai daude, izen-abizen eta argazkiekin euretariko asko eta asko. Orain arte 500 testigantzatik gora batu dituzte, baina aurkezpenean une oro gogoratzen aritu diren moduan, «testigantzak jasotzeko bidea zabalik utziko dugu, Aranzadirekin zuzenean harremanetan jartzeko formulario baten bidez», esan du historialariak.
«Herri honetako pertsonen giza eskubideen aurkako erradiografia egiteko erreminta egokia da hau, ondo dokumentatuta dagoena bere biografia aberatsarekin; baina gainera, ondasun materialen aurkako erasoak ere jaso dira atal berezi batean», azaldu du Javi Buces Aranzadiko kideak.
Erandiorekin batera, Bizkaiko lehenengoa da Galdakaok gaur aurkeztu duen ekimena. Udal Gobernuaren parte diren talde guztien ordezkariek eman diote babesa memoria mantentzeko helburua duen proiektu honi. Eta dagoeneko ikusgai dago ataria interes duenarentzat: galdakaooroimena.eus