Nazioarteko 25 gaztek botilen hilerriaren oroimen historikoa landu dute auzolanean
Aranzadi
Asteartea, 2017eko abuztuaren 8a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Atzo antolatutako prentsaurrean aurkeztu ziren bi asteetan zehar burutu diren lanak, eta bertara Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Alvaro Baraibar Foru Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Adela González Gazteriako zuzendariordea eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia urreratu ziren.
Oroimen historikoa trinkotzeko auzolana
Aranzadiko monitoreek San Kristobal gotorlekuaren berreskurapen eta kontsolidazio lanak azaldu zituzten, 1937an eraiki eta haren inguruan ehortzi baitziren Gerra Zibilean egoera latzean hil edo erail zituzten presoak. Botilen hilerria deitzen zaio gune honi, hain zuzen ere bertan lurperatu zituzten presoek haien heriotzaren informazioa botila batean aurkitu baitzen deshobiratze lanak egin zirenean.
Gune historikoaren baitan zegoen landaredia erauzi eta kanpoko harresiaren perimetroa garbitzen ibili dira gazteak, bai eta sarrera-bidea mantendu eta kontsolidazio orokorra burutu.
Oroimen historikoan sakontzeko helburuarekin, parte hartzaileek hainbat bisita egin dituzte memoria gune ezberdinetara, tartean Gernika, eta San Kristobaleko kartzelan emakumeek izan zuten eginkizunari buruzko hitzaldia ere jaso dute. Beste ekintzen artean, aipatzekoa da NAFSEko kideek (Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea) antolatutako mahai ingurua ere.
2013az geroztik Olatz Retegi Aranzadiko antropologoak oroimen historikoa ardatz duten hainbat ekimenetan parte hartu du. Oraingoan auzolandegiko koordinazio lanetan ibili da eta, bere hitzetan, “lan-giroa ezinhobea izan da, bi asteetan zehar sorleku anitzetako gazteak ezagutzeko aukera paregabea izan da”. Gazte gehienak historialariak dira, baina tartean injenieroak ere badaude, “esparru eskematiko batetik etorri eta deskonektatzeko historian murgiltzera datozenak” dio Retegik. San Kristobalen gertatutakoa ezagutzeko nazioartetik etorri dira batzuk, Italia, Mexiko edota Taiwanetik, besteak beste.