75 urteren ostean, igaraba Urumearen behe eremura bueltatu da

Herpetologia

Asteazkena, 2021eko abenduaren 15a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Duela gutxi arte, igaraba (Lutra lutra) iraganeko gauza zen Urumeako behe eremuan. Iyaraba edo ur-txakurra izenarekin ezagutzen zuten bertakoek. Lekukoen arabera 1940-50 inguruan ikusi zen azkena bailaran, Urumea bailarako ahozko ondarea eta ondare naturala ikertzen duen “Gure faunari eta florari begira” liburuak dioen moduan. Euskadin galtzeko arriskuan dagoen espeziea da eta duela urte gutxira arte, Gipuzkoan desagertutzat ematen zen.

Duela astebete jakin da, ordea, berriz ere bueltatu dela. Aranzadi Zientzia Elkarteak sorturiko urmael batean izan da filmatua, gauez, putzura gerturaturiko baso-igel gorriak harrapatu nahian.

EGUNEKO ARGIAK ITZALI OSTEAN, BIZIA PIZTEN DA BAILARAN

Itsas Enara Ornitologia Elkarteko eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideen laguntzaz, igarabaren gaueko filmazioa jaso berri dugu Urumea ibaia eta Aiako Harria Parke Naturalaren artean dagoen mikrohezegune batean.

Aranzadiko herpetologoen ustetan “egun, Urumea errekak agertzen duen ur- emari handiak eta dakarren arre koloreak, zaildu egiten du igarabaren arrantza, eta beraz, elikatzeko aukera. Hilabete honetan putzuan dauden baso igel gorrien arraultzak ugaztun honen arrantza gune bihurtzeko aukerari ez zion muzin egin”. Animalia honetaz gain putzuen bueltan beste batzuk grabatu dira: ipurtatsa, lepahoria, basakatua, basurdeak, lertxunak edota orkatzak ikusi izan dira. Hauetako batzuk mehatxatutako espeziek direlarik.

Espezie hauen presentziak garrantzia handia dauka bioindikatzaile bikainak direlako eta ibai ingurunean ongi egindako lanaren isla moduan hartu daitezke.

BIODIBERTSITATEAREN ALDE LANEAN

2005 urtetik egundaino, Aranzadik naturari loturiko hainbat ikerketa eta kudeaketa lan egin ditu Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren laguntzarekin.

Azken hamarkadan orokorrean biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko hainbat kudeaketa ekintza gauzatu dira: alde batetik Urumea ibar basoa areagotzeko zuhaitz landaketak egin dira, bestetik Aiako Harria Parke Naturalean 21 putzuz osatutako sarea ere egituratu da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak udal eta mankomunitateek biodibertsitatearen kontserbaziorako dirulaguntzak baliatu ziren, kudeaketa ekintza horiek gauzatzeko auzolanean.

2005etik hona, hamabostetik gora izan dira garatu diren proiektuak, eta emaitzak agerikoak dira: hasieratik jada, izaki urtarren, izan anfibioek edota intsektu urtar ezberdinek, burruntziek zein sorgin orratzek erabili zituzten sorturiko habitat berriak. Horietako, asko, gainera, Europa mailan babesturikoak ziren. Horien atzetik, alabaina, espezie kopurua handitzen joan da, eta putzuen eta kudeaketa lanak egin diren eremuen kontserbazio egoera hobetzen joan den lekuetan, azaldu dira suge urtarrak (biperakara eta gorbataduna), ur bila edo elikatzera datozen hainbat hegazti espezie.

BIDEOA IKUSI